Politika -
Erabkitzeko eskubidea
EAJk eta EH Bilduk erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute Europan
Erabakitzeko eskubidea "europarra eta europazalea" ere badela esan du Egibarrek. Maddalen Iriartek, berriz, Euskadiri eta Kataluniari eskubide hori aitortzea eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joseba Egibar EAJren bozeramaileak erabakitzeko eskubidea "europarra eta europazalea" ere badela defendatu du gaur Europako Parlamentuan, EH Bilduko Maddalen Iriarterekin batera emandako hitzaldian. Biek ala biek Estatutu berriaren proposamena aurkeztu dute.
Hain zuzen ere, ERC, EAJ, PDeCAT, BNG eta EH Bildu alderdiek autodeterminazio eskubideari buruz antolatutako jardunaldiaren baitan eman dute hitzaldia. Han, besteak beste, Legebiltzarreko eta ANC eta Omnium erakunde kataluniarretako ordezkariek parte hartu dute.
Hala, bai Joseba Egibarrek eta baita Maddalen Iriartek ere euskal nazionalisten aldarrikapenak azaldu dituzte. Gainera, Gernikako Estatutua berritzeko bidean, bi alderdiek Autogobernuarekin lotuta erdietsitako akordioa aurkeztu dute.
Egibar, bere aldetik, erabakitzeko eskubidea EB barrutik gauzatzearen alde agertu da. Nolabait esateko, erabakitzeko eskubidea europarra ere badela azpimarratu du, "bidean traba asko aurkitu dituen arren".
Bestalde, Iriartek adierazi du beste herrialde batzuetan "naturala" dela herritarren eskubideak bermatzea; aitzitik, "Estatuan bide luzea dago, oraindik ere, zeharkatzeko".
Bukatzeko, Idoia Mendia PSE-EEren idazkari nagusiak gaurko hitzorduari buruzko iritzia eman du Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.
EH Bilduk erabakitzeko eskubidea aintzatestea eskatu du Bruselan
Maddalen Iriarte EH Bilduk Legebiltzarrean duen ordezkariak Euskadiko eta Kataluniako herritarrei zer nahi duten adierazten uztea aldarrikatu du gaur Bruselan, eta gogora ekarri du EAJrekin hitzartutako akordioak erabakitzeko eskubidea barne hartzen duela. Halaber, EH Bilduren eta EAJren artean, hautesleriaren botoen % 58 batzen dutela zehaztu du.
EH Bilduren helburua "euskal estatu aske bat" eratzea dela ziurtatu ostean, oraindik fase hori ez dela heldu onartu du, baina argi utzi du horretarako prest egongo direla.