Politika -

Nafarroa

Altsasu auzia, zabalik bi urte geroago

Zigortutako zortzi gazteen senitartekoek elkarretaratzea egin dute igande honetan, Burunda pilotalekuan, bi urte hauetan bizi izandako “kanpaina mediatikoa” salatzeko.

Artxiboko argazkia: Altsasu Gurasoak
Artxiboko argazkia: Altsasu Gurasoak
Isabel Pozueta: 'Errelato bat sortu zuten eta horrek erraztu zuen muntaia'

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Altsasuko (Nafarroa) gazte talde batek bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso egin zien duela bi urte. Auzitegi Nazionalak 2 eta 12 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri dizkie zortzi akusaturi, baina epaia errekurritu dute aldeek. Bitartean, zazpi gazte espetxean dira.

Zigortutako zortzi gazteen senitartekoek elkarretaratzea egin dute gaur 19:00etan, Burunda pilotalekuan, bi urte hauetan bizi izandako “kanpaina mediatikoa” salatzeko.

2016ko urriaren 15ean jazo ziren gertakariak, Altsasuko Koxka tabernan. Bikotekideekin ziren bi guardia zibil inguratu eta taberna barruan zein kanpoan eraso egin zien pertsona talde batek, Auzitegi Nazionalaren sententziaren arabera.

Lau biktimak zauritu zituzten, eta erasoa leporatuta zortzi gazte atxilotu eta epaitu dituzte. Fiskaltzak 12 eta 62 urte arteko espetxe-zigorrak eskatu zituen terrorismoa egotzita, baina azkenean Auzitegi Nazionalak akusazio hori baztertu egin zuen epaian, ekainaren 1ean.

Hiru gazte (10-12 urteko zigorra) kartzelan dira atxilotu zituztenetik, hau da, ia bi urte eman dituzte preso dagoeneko. Bitartean, beste lau gaztek (9 urte) lau hilabete daramatzate espetxean, epaiaren berri eman zutenetik, “ihes egiteko arriskua” egotzita.

Zortzigarren auzipetua ez dute espetxeratu; izan ere, 2 urteko zigorra ezarri zioten mehatxu eta desordena publikoengatik.

 

Ollo: "Altsasuk heldutasun kolektiboa azaldu du"

 

Auziko alde guztiek epaiari helegitea jarri diote; izan ere, frogatutako delituengatik zigorrak “neurriz kanpokoak” direla uste dute auzipetuek. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak (AUGC guardia zibilen elkartea), ostera, eraso terrorista izan zela uste dute, eta ez “tabernako borroka” soil bat.

Errekurtsoak aurkeztuta, aldaketa bakarra zortzi gazteak Euskal Herriko espetxeetara ekarri dituztela izan da azkenaldian; ordura arte Espainiako kartzeletan zirelako.

Egoerak, batez ere aurreneko hilabeteetan, Altsasu erdigune mediatiko eta politikoan kokatu zuen. Javier Ollo (Geroa Bai) Altsasuko alkateak aitortu duenez, Udala “presio izugarri baten eraginpean” izan da.

Gertakariek legealdia markatu dutela onartu du alkateak, baina “inguruabarrotaz asko ikasi” duela azpimarratu du. Auzia ixten denean “ondorioak ateratzeko unea” izango dela argi utzi du agintariak, baina herriak “heldutasun kolektiboa” azaldu duela uste du.

“Neurrigabetasun judiziala eta Altsasuren irudia zikindu dutenak”, kritikatu ditu Ollok. Alkatearen hitzetan, horrek “ez du esan nahi inpunitatea eskatzen” ari denik, gertakari “larri horien” aurrean “neurria eta justizia” baizik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Altsasu Gazteak albisteak