Politika -
ESTATUKO AURREKONTU OROKORRAK
Kataluniako auzian Fiskaltzari aginduak ematea baztertu du Delgado ministroak
Buruzagi independentisten kontrako karguak kentzea agintzeko eskatu dio Joan Tarda ERCko diputatuak Sanchezen Gobernuari, Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzearen truke.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Dolores Delgado Espainiako Justizia ministroak ERC alderdiari erantzunez esan duenez, Pedro Sanchezen Gobernuak ez dio Fiskaltzari agindurik emango Kataluniako prozesu subiranistaren auzian, eta Ministerio Publikoari "lasaitasunez" lan egiten uztea eskatu du. Kataluniako buruzagi independentisten aurkako karguak kentzeko agintzea eskatu dio asteburuan ERC alderdiak Pedro Sanchezen Gobernuari, 2019ko Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzearen truke.
"Ez zaio inori agindurik emango", adierazi du Delgadok Europa Press agentziak antolatutako gosari informatibo batean.
Joan Tarda ERCk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak asteburuan Espainiako Gobernuari ohartarazi dionez, bere alderdiak ez ditu Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatuko baldin eta Sanchezen Gobernuak Kataluniako buruzagi independentisten aurkako akusazioak kentzea eskatzen ez badio Fiskaltzari. "Ez dugu negoziatuko Gobernuak ez badio Fiskaltzari eskatzen akusazioak kentzea", azpimarratu zuen.
Gobernuak fiskalen eta, oro har, Botere Judizialaren autonomiarekiko "erabateko" errespetua duela berretsi du Delgadok. Horrela, behin-behineko akusazio idatziak aurkeztu arte itxarotea eskatu du Justizia ministroak.
Gainera, ministroak baztertu egin du Fiskaltzaren eskarien inguruan asteburuan hedabideetan argitaratutako espekulazioen inguruan hitz egitea. Dena dela, Delgadoren arabera, beste inork jakin baino lehen, akusatuei dagokie beren kontrako zigor-eskaerak ezagutzea.
Bestalde, ez du auzipetuen behin-behineko espetxealdiaz edo balizko indultuaz adierazpenik egin nahi izan.