Politika -
VII. urtemuga
Harremanetarako Nazioarteko Taldeak Aieten bukatuko du zazpi urteko ibilbidea
Brian Currin buru duen taldeak bilera ditu goizean Jean Rene Etchegarayrekin eta Arkaitz Rodriguezekin. Arratsaldean, biltzarra egingo dute ateak itxita, eta gero ekitaldi publiko bat.
EITB.EUS
Aieteko Konferentziaren zazpigarren urteurrenarekin bat eginda, Harremanetarako Nazioarteko Taldeak (HNT) gaur emango du ofizialki bukatutzat azken zazpi urteotan "Euskal Herriko politikan normaltasuna erraztu eta ahalbidetzeko" egindako lana. Brian Currin buru duen taldeak berriki iragarri duenez, ETAren desegitearekin "ia osotasunean" bete du zeregina.
Zazpi urteotako ibilbideari amaiera emateko abiapuntuaren agertoki bera aukeratu du taldeak: Donostiako Aiete jauregia. 18:00etan, ekitaldi publikoa egingo dute bertan, euskal gizarteari ibilbidearen mugarriak eta ondorioak azaltzeko. Aurrez, bilera sorta egiten ari dira taldeko kideak (Brian Currin, Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall, besteak beste) EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko erakundeetako ordezkariekin eta alderdietako kideekin. Atzo, Iñigo Urkullu lehendakariarekin eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiarekin batzartu ziren. Gaur bilera dituzte hitzartuta Jean Rene Etchegaray Iparraldeko Mankomunitateko presidente eta Baionako auzapezarekin (10:00etan) eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiarekin (12:00etan).
Arratsaldean (16:00etatik 17:30era) biltzarra egingo dute Aieteko jauregian, ateak itxita. Bertan, HNTk bere jardunaren balantzea egingo du; segidan, EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariek hitza hartuko dute, lanaren balorazioa egiteko.
Gonbidatuen artean daude Joseba Egibar EAJren GBBko presidentea, Arnaldo Otegi EH Bilduko buruzagia, Lander Martinez Podemos Euskadiko idazkari nagusia, Rafa Eraso Geroa Baiko ordezkaria. Nafarroako Podemos eta Ezkerrako militanteak ere bertan izango dira.
Era berean, Amaia Muñoak (ELA), Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak, Raul Arza UGTko buruzagiak eta Alfonso Rios CCOOko agintariak parte hartuko dute, baita Steilas, ESK, EHNE, Hiru eta Etxalde sindikatuetako ordezkariek ere. Sare, Etxerat, Bakearen Artisauak, Bagoaz eta LDH elkarteetako kideak ere Aieten izango dira
Biltzarraren ostetik, ekitaldi publikoa dago antolatuta (18:00etan). Eneko Goia Donostiako alkateak eta Brian Currin Harremanetarako Nazioarteko Taldeko buruzagiak hartuko dute hitza. Agus Hernanen (Foro Soziala) eta Anaiz Funosasen (Bake Bidea) hitzaldiak ere aurreikusita daude.