Politika -
Greba orokorra
Aresek dio Ertzaintzak ez duela 'istilurik edo gatazkarik' sortzen
Mikel Basabe legebiltzarkidea auzipetu egin dute desobedientziagatik urtarrilaren 27an izandako istiluen harira. Ertzainek manifestaziotik alde egiten ari zirenei jo zietela salatu du Aralarrekoak.
Erredakzioa
Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan du Ertzaintzak ez duela "istilurik edo gatazkarik" eragiten, greba eta lan eskubideak bermatzeko "behar bezala jarduten" duela iritzi dio.
Mikel Basabe Aralarren legebiltzarkidea auzipetu egin dute urtarrilaren 27ko greba orokorrean izan ziren istiluen harira, desobedientziagatik, eta Legebiltzarrean galdera egin dio Ares sailburuari. Aresek erantzun dio Ertzaintzak "profesionaltasunez eta proportzionaltasunez" lan egin zuela. Hala ere, beste batzuetan egiten duten moduan, orduko gertakariak ere aztertu egingo dituztela jakinarazi du.
Basabek "oso mezu arriskutsua eta okerra" botatzea leporatu dio Aresi, izan ere, istilu haietan parte hartu zuten agenteei "berdin jokatzeko" aukera eman omen die, "galderak egiten dituen herritarrari jotzeko" aukera eman diela, alegia.
Legebiltzarkideak salatu du ertzain batek muletekin zihoan gizon bat kolpatu zuela, manifestaziotik alde egiten ari zen momentuan hain justu. Basabek, orduan, zergatik jo zion galdetu zion ertzainari eta beste agente batek Basaberi jo zion.
Agenteari identifikazio zenbakia eskatu zion, eta horrek berriro jo zion, baina kolpeak emateari utzi omen zion legebiltzarkidea zela esan zionean.