Politika -
Hezkuntza legea
'Hezkuntza akordioaren oinarriak' berregiteko eskatu dute EH Bilduk eta Podemosek
Testua EAJk, PSE-EEk eta PPk babestu zuten, baina gehiengo sindikala eta EHIGE kontra azaldu ziren. Etorkizuneko Hezkuntza Legea egiteko baliatuko dute.
Agentzia | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ekainean onartutako "Hezkuntza akordioaren oinarriak" berrikusi eta berregiteko eskatu dute gaur EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, hezkuntza sistemak dituen erronka garrantzitsuenei erantzuten ez dielako eta oinarriok idazteko jarraitutako prozesua egokia izan ez zelako.
Hezkuntzari buruzko saio monografikoa egiten ari dira gaur Legebiltzarrean, eta bertan egin dute eskaera bi alderdiek.
Cristina Uriarte sailburuak azaldu duenez, Hezkuntza Sailak joan den ikasturtean bultzatutako prozesu parte hartzaile baten emaitza da dokumentua. Bost gai nagusi ezarri (bizikidetza, hizkuntza, ebaluazio, hezkuntzaren modernizazio eta zentroen autonomia), eta mahaia banatan eztabaidatu zituzten. Ondoren, erakunde eta herritarren 100 ekarpen baino gehiagorekin osatu zuten, baita Euskadiko Eskola Kontseiluak egindako proposamenekin ere. Kontseilu horretan kontra azaldu zien Steilas, CCOO, ELA eta LAB sindikatuak eta EHIGE guraso elkarteen ordezkariak.
Uriarteren esanetan, "elkarrizketarekin, eztabaidarekin, eskuzabaltasunarekin eta aniztasuna kontuan hartuta" adostu zuten testua. Alderdiei "epe luzera" begiratzeko eskatu die, eta "arma politiko" moduan ez erabiltzeko. Bestalde, azpimarratu du egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea ordezkatzeko lege berria adosteko orduan "negoziazio arduratsu, zintzo eta leiala" behar dela.
Horren ildoan azpimarratu du ez dituela ulertzen testua erretiratzeko eskaerak. "Ezin dut ulertu. Sistema propioa nahi dugu, baina ez dugu aurrera egiten. Zer nahi dute? Zerotik hasi eta hurrengo aukerari itxaron?", galdetu du Uriartek.
Sailburuaren aburuz, testuak gai "garrantzitsuenak" jasotzen ditu, "gero etorriko dira zehaztapenak", erantsi du. Esan duenez, "aldaketa azkar eta sakonak egin behar dira, eredu propioa eduki behar dugu, eta aniztasuna, teknologia berriak eta hizkuntza aniztasunari arreta jarri behar diogu, betiere euskara oinarri hartuta".
Alderdien iritzia
Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, testuaren alde egin dute, baita Alderdi Popularrak ere. Jone Berriozabal jeltzaleak uste du testuak "balio" duela; Jose Antonio Pastor sozialistaren iritzian, "egindako lana aitortu beharko litzateke, ezin da dena baztertu".
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak salatu duenez, Jaurlaritzak ez du egin "lege batek eskatzen duen aurretiazko lana", eta horren ordez, "propagandan" aritu da. Kritikatu du testuan "segregazioa, finantzazioa eta laikotasuna" bezalako kontzeptuak aztertzea saihestu dutela eta, hortaz, beharrezkoa dela "dokumentua berrikusi eta prozesua zerotik hastea". Ekarpenak egiteko prest agertu da EH Bildu.
Iñigo Martinez Elkarrekin Podemosen ordezkariak ere testua kritikatu du, "eztabaida mugatu eta gidoidun" baten emaitza delako, eta eragileen babesa ez duelako. "Ez du ezertarako ere balio, zerotik hasi behar da", erantsi du. Esan duenez, "itun politiko eta soziala nahi badugu, beste prozesu bat behar dugu".
Juana Bengoetxea PPko legebiltzarkideak ohartarazi du testua "azalean" geratzen dela, "baina egingarria den bakarra" dela.
Goizeko saioaren ostean, ebazpen proposamenak eztabaidatu eta bozkatuko dituzte taldeek.