Politika -
Kontu pribatua
Nafarroako Poliziaren buruak ezkerreko politikariak iraindu ditu, Twitter bidez
Kontu pribatu horretan "nazkagarri" deitu die Podemoseko zenbait buruzagiri, "analfabeto funtzional" Ada Colauri eta "Espainiako azpisuge eta koldar higuingarri" EAJko ordezkariei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Daniel Rodriguez Lopez Nafarroako Polizia Nazionalaren buruak Podemoseko hainbat ordezkari iraindu ditu Twitterren duen kontu pribatu batetik. Halaber, zenbait alderdi nazionalista laidotu, eta Antonio Tejero edota Santiago Abascal Voxeko burua goratu ditu.
Informazio hori eldiario.es egunkariak eman du. Horren arabera, "nazkagarri" deitu die Podemoseko zenbait ordezkariri, eta "analfabeto funtzional", Ada Colau Bartzelonako alkateari. 2012an, Mariano Rajoyk hauteskundeak irabazi zituenean, izendatu zuten Rodriguez Nafarroako Poliziaren buru. Sozialistek agintea hartu zutenean, ordea, ez zuten kargutik kendu.
EAJko ordezkariei buruz esan du "Espainiako azpisugeak" direla, eta "koldar higuingarri" deitu die. Iragan igandeko txio batean, esaterako, Aitor Esteban diputatuak egindako adierazpenak ("hauteskunde berriak deitzeak tentsio onartezina ekarriko luke") gogor "salatu" zituen: "Ezin da traktoreko gizona baino lotsagabeagoa izan, orain behia jezten jarraitzea interesatzen zaio. AZPIZAPOAK!!".
Gainera, kontu horretan Gabriel Rufian ERCko diputatuaren aurkako irainak zabaldu ditu; besteak beste, ergela dela esan du, eta sanferminetan adarkatua izatea opatu dio.
Aipatu egunkari digitalarekin izandako elkarrizketa batean, komisarioak bere anaia nagusiari egotzi zion mezu horiek idatzi izana. Geroago, baina, txio horiek bere emazteak idazten zituela adierazi zuen.
Esan bezala, politikari ezkertiarrak iraintzeaz gain, Francisco Franco eta Antonio Tejero goratu ditu Twitter kontu horretan. Tejerori buruz esan du "Espainiaren alde bizitza eman duen" soldadu eta guardia zibila zela. Voxeko Santiago Abascali zuzendutako mezuren bat edo beste ere egin du. "Mende honetako Jose Antonio izatea egokituko zaio", adibidez.
Horren aurrean, Geroa Baik adierazi du onartezina dela demokratikoki aukeratu dituzten ordezkari politikoen aurka Polizia Nazionalaren buruak erakutsitako jarrera. Hori dela eta, kargutik kentzea eskatu du.