Politika -
Polemika
Vox alderdiak Uxue Barkos salatu du, umeei ‘jolas erotikoak’ proposatzea leporatuta
“0 eta 6 urte bitartean dituzten haur guztiak jolas erotikoen bitartez esperientzia sexualak izatera behartu” nahi dituztela salatu du Voxek, proiektuari aipamen eginez.
Agentziak | Erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea Estatuko Fiskal Nagusiaren aurrean salatu du Vox alderdiak astelehen goiz honetan. Izan ere, “0 eta 6 urte bitartean dituzten haur guztiak jolas erotikoen bitartez esperientzia sexualak izatera behartu” nahi dituztela salatu du Voxek, ikasleen artean berdintasuna bultzatzea helburu duen proiektuari aipamen eginez.
Alderdi horrek jarritako salaketaren arabera, Nafarroako Gobernuak 2017-2018 ikasturtean martxan jarritako programak Espainiako Zigor Kodeko 185. artikuluan jasota dagoen sexu indarkeriaren gisako delitu bati erantzun liezaioke. Artikulu horretan ezarrita dagoenez, “adinez txikikoen aurrean exhibizionismoa egin edo beste norbaiti biluztera behartuko liokeen pertsona batek sei hilabete eta urtebete arteko kartzela-zigorrari edo 12 eta 24 hilabete arteko zigorrari aurre egin beharko lioke”.
Pedro Fernandez Voxeko kideak ohar batean esan duenez, “onartezina da administrazio publiko batek adinez txikikoen duintasunaren aurka doazen portaerak babestea”.