Politika -
'Faisan auzia'
ETAren aurkako borroka isiltzen saiatzea egotzi dio Rubalcabak PPri
Oposizioko alderdi nagusiaren aburuz, ETAri ustez emandako informazioaren auzia "Estatuko estoldaren kiratsa dario" eta GALen "gerra zikinetik egindako makurkeriarik handiena" da.
Erredakzioa
PPren esanetan, 2006an Poliziak ETAren estortsio sareari ustez emandako informazioaren auziari "Estatuko estoldaren usaina dario" eta GALen "gerra zikinetik egindako makurkeria handiena" da. Honen aurrean, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroak "ETAren aurkako borroka isildu nahi" izatea egotzi dio PPri.
Kongresuko kontrol saioan, Ignacio Gil Lazaro PPko diputatuak aipatutako auziari buruzko galdera bat egin dio Rubalcabari. ETAri ustez emandako informazioaren kasua argitzeko ikerketaren txostenean zergaitik ez zen Antonio Camacho Estatuko Segurtasun idazkariak erabilitako telefono zenbakia agertzen jakin nahi zuen Lazarok.
Bere txandan, Barne Ministerioaren buruak Camachoren ohorea defendatu du berriro eta barkamena eskatzeko esan die PPko "zanbait" diputaturi. Izan ere, Pablo Ruz Auzitegi Nazionaleko epaileak ez zuen Camacho deklaratzera deitu.
Halere, barkamena eskatu behar duen "bakarra" Rubalcaba bera dela erantzun dio Gil Lazarok, bere esanetan, GALen "gerra zikinatik Barne Ministerioak egindako makurkeriarik handiena" eta bera "erantzule politikoa" baita.
Jauregui: "Kanpaina sektarioa egin du PPk"
Ramon Jauregi Presidentzia ministroak adierazi duenez, Barne Ministerioaren eta Poliziaren aurkako "kanpaina obsesiboa, bidegabea eta sektarioa" egiten ari da PP.
"Oso deigarria da kanpaina hau terrorismoaren kontrako borrokan inongo eraginik izan ez zuen gertakari batengatik egitea", nabarmendu du Jauregik. "Gainera, orain ari dira egiten, Barne Ministerioari esker baketik inoiz baino hurbilago gauden une zehatz honetan".
Camachoren egoera defendatu du Caamañok
Auzitegi Nazionalak Camacho deklaratzera deitzearen aurka hartutako erabakiak "argi utzi ditu gauzak", Caamañoren ustez. Justizia ministroak PPren kontra egin du, "politikaren ikuspegi zitala" erakusteagatik eta "maltzurkeria Estatuko zerbitzari baten ohorearen gainetik" jartzeagatik.
Camachoren egoera berezi berria "erabat legez kontrakoa" da, Jorge Fernandez Diaz diputatu popularraren esanetan.