Politika -

KATALUNIA

Estatuko Abokatuak 12 urteko zigorra eskatu du Junquerasentzat, matxinada baztertuta

Generalitateko presidenteorde ohiari sedizio delitua eta dirua bidegabe erabili izana leporatu dio. Eskaera horrek talka egiten du Fiskaltzak egindako 25 urteko eskariarekin.

ETBren bideo batetik ateratako irudia
ETBren bideo batetik ateratako irudia
ETBren bideo batetik ateratako irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuaren menpeko den Estatuko Abokatutzak 12 urteko kartzela zigorra eskatu du Oriol Junqueras Generalitateko presidente ohiarentzat eta 11 urte eta erdikoa, ostera, bost kontseilari ohirentzat (Joaquim Forn, Jordi Turull, Raül Romeva, Dolors Bassa eta Josep Rull), sedizio delitua eta dirua bidegabe erabiltzea leporatuta.

Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiaren kasuan, 10 urteko zigor eskaria egin du; Jordi Sanchez ANCko presidente ohiarentzat eta Jordi Cuixart Omniumeko buruarentzat, berriz, zortzi urtekoa. Azken horiei, sedizio delitua leporatzen die. Estatuko Abokatutza Fiskaltzak egindako eskaritik urrundu da, izan ere, Fiskaltzak 25 urteko kartzela zigor eskaera egin du Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiarentzat, matxinada delitua egotzita.

 

Hau zure interesekoa izan daiteke: Matxinada eta sedizio delituen arteko ezberdintasunak

 

Ministerio Publikoaren irizpidetik bereizi da, beraz, Estatuko Abokatua. Azken horren esanetan, gertakariak ezin dira matxinada gisa kalifikatu, Kataluniako independentzia aldarrikatzeko indarkeriarik ez zela erabili argudiatuta.

Auzitegi Gorenaren aurrean aurkeztutako behin-behineko idazkian, Junqueras presidenteordearentzat eta Gobernuko beste bost kontseilari ohirentzat egin ditu zigor eskaera handienak; "autoritate" estatus horretatik matxinada eragin, sostengatu eta zuzentzea egotzita.

Joaquim Forn, Jordi Turull, Raul Romeva, Dolors Bassa eta Josep Rull kontseilari ohiei, Junquerasi bezala, sedizio delitua eta dirua bidegabe erabiltzea egozten die Estatu Abokatuak. Hala ere, bost kontseilari ohi horiei 11 urte eta erdiko eskaera egin die eta Junquerasi, 12 urtekoa.

Estatuko Abokatutzak zazpi urteko kartzela zigorra galdegin du Justiziaren esanetara dauden Meritxell Borras, Carles Mundo eta Santiago Vila kontseilari ohientzat. Horrez gain, 10 urteko gaitasungabetze ere eskatu du.

Horiek guztiak lehen taldeak leudeke erantzukizunei dagokienean, Estatuko Abokatuaren arabera. Horren ustez, urriaren 1eko erreferenduma egiteko beharrezkoak ziren neurriak hartu zituzten.

Koska bat beherago leudeke Jordi Sanchez ANCko presidente ohia eta Jordi Cuixart Omnium Culturaleko burua.

Bi Jordiak sedizio delituaren erantzule izan zirela uste badu ere, Estatuaren Abokatuak ez die Gobernuko kideei aitortzen dien autoritate estatusa aitortzen. Hori dela eta, egiten du 8 urteko kartzela zigor eskaera eta beste hainbeste urteko inhabilitazio eskaera.

Jordien eginkizuna, Estatuko Abokatutzaren idatziaren arabera, gizartearen mobilizazioaren buru izatea zen.

Hirugarren multzo batean sartzen ditu Abokatutzak Kataluniako Parlamentuko kargu ohiak, Carme Forcadell Parlamentuko presidente ohia buru dela. Azken horrentzat 10 urteko zigorra eta beste hainbeste urteko inhabilitazioa eskatu du, sedizio delitua leporatuta, Kataluniako Gobernuko kideen moduan autoritate estatusa zuela iritzita.

Talde horretan bertan, baina Forcadellen azpitik, leudeke Lluis Corominas, Lluis Guino, Anna Simo eta Ramona Barrufet Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide ohiak. Azken horiei 30.000 euroko isuna eta kargu publikorako urtebete eta zortzi hilabeteko gaitasungabetzea eskatzen die, desobedientzia larria egotzita.

Delitu hori bera aurpegiratzen die Joan Josep Nuet Parlamentuko Mahaiko kide ohiari eta Mireia Boya CUPek Kataluniako Parlamentuan zuen bozeramaile ohiari. Hala ere, bi horien kontra egiten duen eskaria txikiagoa da: 24.000 euroko isuna eta urtebete eta lau hilabeteko gaitasungabetzea.

Garai hartan Mahaiko kide ziren horiek Konstituzioaren aurkakoak ziren proposamen guztiak atzera bota behar zituztela uste du Abokatutzak. Gaineratu duenez, Auzitegi Konstituzionalak behin baino gehiagotan ohartarazi bazituen ere, proposamen horiek tramitera onartzearen alde bozkatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Berriak Politika Auzitegi Gorena bideoak Epaiketak argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea