Politika -

Bidaia ofiziala

Txilerekin 'harreman estuak' indartzeko nahia agertu du Urkulluk

Lehendakaria Carlos Montes Senatuko presidentearekin bildu da Txileko hiriburuan, eta “laugarren industria-iraultzari erantzuteko" proposamenen inguruan hitz egin dute.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Txilen. Argazkia: Irekia
Iñigo Urkullu lehendakaria, Txilen. Argazkia: Irekia
Txilerekin 'harreman estuak' indartzeko nahia agertu du Urkulluk

1:10

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak Txilera eginiko bidaia ofizialaren lehen jardunaldia izan du astelehen honetan, eta Euskadiren eta herrialde horren arteko “harreman estuak indartzeko” asmoa agertu du. Halaber, garapen ekonomikoa bultzatzeko “lehentasunezko kide estrategiko” gisa identifikatu du.

Lehendakaria Carlos Montes Senatuko presidentearekin bildu da Txileko hiriburuan, eta XVII. mendearen azken hamarkadan zein Espainiako Guda Zibilak eztanda egin zuenean herrialdeak euskal herritarrei egindako harrera eskertu dio.

Urkulluk gogora ekarri duenez, Txilek eta Euskadik oso harreman estua dute hezkuntza arloan. Izan ere, unibertsitateko ikasleen trukaketa bultzatzeko sinatutako 24 akordio indarrean daude gaur egun, baita Lanbide Heziketan sinatutakoak ere.

Beste alde batetik, euskal jatorriko herritarrek teknologian, berrikuntzan edota trebakuntzan dituzten ezagutzak Txilen asko eskertzen dituztela nabarmendu du Alfonso Urresti senatari sozialistak. Halaber, Euskal Herrira ikastera doazen txiletarrekin egindako lanagatik eskerrak eman dizkio Urkulluri.

“Elkarrizketarako giro egokia dago, afinitate ona; eta hori oso garrantzitsua da unibertsitateen arteko lankidetzarako, Txile eta Euskadiren arteko hartu-emana bultzatzeko, baita bien arteko negoziazioetarako ere”, nabarmendu du.

Aurretik, ordea, lehendakariak eta Euskadiko gainerako ordezkaritzak Euskadiko eta Txileko Korporazioko ordezkariekin izan dute topaketa. Euskaldunen eta Txilen bizi diren euskal jatorriko herritarren artean harremanak estutzeko asmoa du elkarte horrek.

Eusko Jaurlaritzak Txileko ekonomian duen konfiantza goraipatu du Urkulluk, eta azken hiru urteotan “200 euskal enpresa baino gehiagok sektore anitzeko merkataritza-misioak” egin dituztela esan du.

Gaur egun, euskal jatorria duten 51 enpresa ari dira Txileko garraiogintzan, meatzaritzan, energia-sektorean edota elikadura-sektorean lanean.

Hala, enpresa eta proiektu horiek bultzatzeko asmoa berretsi du Urkulluk, eta “laugarren industria-iraultzari eta etorkizun hurbileko ekonomiaren erronkei erantzuteko” asmoz Eusko Jaurlaritzak proposatutako planaren berri eman du. Besteak beste, zentro teknologiko eta unibertsitateekin batera abian jarritako ekimenak gogora ekarri ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu biografia Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra EAE Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerikako albisteak Argentina Txileko albisteak