Politika -
Igandeko ekitaldietan
'Ertzaintzari torturak leporatzea' ekiditeko eskatu dio PPk Aresi
AAMk asteburu honetarako hainbat deialdi egin ondoren, "inork ez die Batasuna berriaren sirena-hotsei men egin behar, baina, are gutxiago, Herrizaingo sailburuak", Urquijoren arabera.
Erredakzioa
PPren Legebiltzarreko taldeak "Ertzaintzari eta Estatuko Segurtasun Indarrei torturak egitea leporatzea" ekidin dezan eskatu dio Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) asteburu honetarako zenbait ekitaldi deitu ondoren.
Ohar baten bidez Carlos Urquijo PPren legebiltzarkideak adierazi duenez, "inork ez die kasurik egin behar Batasuna berriaren sirena-hotsei, baina, are gutxiago, Herrizaingo sailburuak". "Amnistiaren Aldeko Mugimenduak legez kanpo jarraitzen du eta horren arabera jokatu behar da berarekiko", gaineratu du.
Gainera, Urquijok gogora ekarri du "legez kanpo dagoen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hainbat ekitaldi" deitu dituela "Euskal Herriko zenbait herritan, torturaren kontrako bere egun berezia ospatzeko, eta bertan Euskal Herriak sistematikoki pairatzen duen tortura salatzeko".
AAMk deitutako ekitaldiak Gasteizen 12:00etan Posta Plazan, Bilbon 12:30ean eta Zizurkilen 13:00etan izango dira, azken horretan ETAko kide baten oroimenez ekitaldi bat ospatuko dute.