Politika -
Bidaia ofiziala
Datorren urtean Euskadi bisitatzeko gonbita luzatu dio Urkulluk Txileko presidenteari
Halaber, Gerra Zibilean Euskaditik alde egin behar izan zuten pertsonei Txilek emandako harreragatik eskerrak eman dizkio lehendakariak Sebastian Piñerari.
Agentziak | Erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakaria Sebastian Piñera Txileko presidentearekin bildu da, astearte honetan, Santiago hiriburuko Moneda Jauregian, herrialde horretara eginiko bidaia ofizialaren baitan. Hala, datorren urtean Euskadi bisitatzeko gonbita luzatu dio lehendakariak Txileko presidenteari, Elcano eta Magallanesen bidaiaren V. mendeurrenaren harira antolatutako ekitaldiak direla eta.
Halaber, Txilek Gerra Zibilean Euskaditik alde egin behar izan zuten pertsonei emandako harreragatik eskerrak eman dizkio lehendakariak Sebastian Piñerari. Bileran, gobernuen arteko harremana errepasatu dute, besteak beste, industria, hezkuntza, nekazaritza, berdintasuna eta lankidetza gaietan. Ildo horretatik, Euskadi eta Txileren arteko harremana sendotzeko konpromisoa hartu dute biek.
Lehendakariak azpimarratu duenez, Euskadi eta Txileren arteko harremanak 90. hamarkadan hasi ziren, hala nola, hezkuntza, nekazaritza, berdintasuna eta lankidetza arloetan. Era berean, “gobernantza ona eta gardentasunari buruz” hitz egin dute bi agintariek.
Euskadiren interes komertzial eta ekonomikoei dagokienez, Txile herrialde “irekia, sendoa eta bideragarria” dela. Hala, herrialde horretako errealitate ekonomikoa gertutik ezagutzeko asmoz, azken hiru urteetan 200 bat euskal enpresa Txile bisitatu dutela nabarmendu du lehendakariak.
Ordubete inguru iraun duen bilera horretan, lehendakariaz gain ondorengo ordezkariak ere izan dira: Marian Elorza, Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia, Leyre Madariaga, Kanpo Harremanetarako Zuzendaria, eta Enrique Ojeda Enbaxadorea.