Politika -
Alderdien arteko elkarrizketa
Aralarrek balizko bateratzeaz aritzea eskatu dio ezker abertzaleari
Proposamena ez dago "legalizazio prozesuaren menpe", ezta "bakegintza eta normalizazio politikoa gauzatzearen menpe".
Erredakzioa
Aralarrak balizko bateratze baten inguruan hitze egitea proposatu die ezker abertzaleari eta Abertzaleen Batasunari. Helburua "analisi bateratua egin" eta "bat egiteko baldintzak aztertzea" da, etorkizunari begira ezkerreko alderdi independisten batasun bat antolatzeko.
Aralarrek proposamen publikoa egin du, aurretik ezker abertzaleari pribatuan egindakoa. Horretarako, prentsaurrekoa eman dute Donostian, Zuzendaritza Batzordeak proposamena ahobatez onartu ondoren.
Prentsaurrekoan Aralarreko hainbat buruzagi izan dira; Jon Abril, Aintzane Ezenarro, Rebeca Ubera eta Patxi Zabaleta, besteak beste. Ekimen hau hurrengo udal eta foru hauteskundeekin zerikusirik ez duela esan dute, ezta NaBai koalizioarekin ere.
Prentsaurrekoan, Uberak eta Abrilek komunikatu bat irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz. Esandakoaren arabera, ETAren iragarpena eta Sorturen estatutuen aurkezpenaren ostean eragile politikoek erabaki ausart eta eskusabalak hartzera derrigortuta daude.
Patxi Zabaletaren alderdiak gauza bat argi utzi nahi izan du: elkarrizketa proposamen hau "ez dagoela ezker abertzalearen legalizazioaren menpe, ezta "bakegintza eta normalizazio politikoa gauzatzearen menpe".