Politika -

Bilbon

Currinek legalizazioa eta bakea bultzatzeko taldea aurkeztuko du gaur

Nazioarteko Kontaktu Taldea (GIC) osatzen duten bost kideak nortzuk diren iragarriko du. Helburuetariko bat alderdiei agenda poltiko bat egiten laguntzea izango da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brian Currin abokatu hegoafrikar eta gatazken konponketan adituak Nazioarteko Kontaktu Taldearen bost kideak aurkeztuko ditu gaur Bilbon. Talde hau ezker abertzalearen legalizazioa bultzatu eta bakegintza prozesu arrakastatsu baten inguruan "konfiantza" sortzen saiatuko da.

Currinek prentsaurrekoa emango du 11:30ean Bilboko Barcelo Nervion Hotelean. Bertan txosten bat banatuko du taldearen kideen identitatea eta curriculumarekin.

Aurkezpen horretan, GICko kideek ez dute adierazpenik emango, izan ere, asteazkenean ekitaldi publiko bat egingo dute lan egitasmoak eta lehen proposamenak azaltzeko.

2010eko azaroan Bilbon egindako agerraldian, Brian Currin bitartekariak Nazioarteko Kontaktu Talde baten sorrera iragarri zuen, gatazketan adituak diren nazioarteko kideekin osatutakoa, ETAk su-etena iragarri bezain laster.

Bruselako Adierazpenaren bultzatzaileak orduan emandako azalpenen arabera, talde horrek helburu zehatzak izango ditu: ezker abertzalearen legalizazioa bultzatzea, "konfiantza sortzen" duten neurriak zabaltzea, alderdiei elkarrizketa politikorako agenda prestatzen laguntzea, gatazka gainditzeko akordio bat lortzeko "alderdi anitzen arteko negoziazioa" bultzatzea, "baldintzarik gabekoa eta Mitchell printzipioetan oinarritutakoa", eta "aldeen eskaeren artean bitartekari lanak egitea" negoziazioa blokeatzen baldin bada.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea