Politika -
Alderdi berria
Sortu ilegalizatzea da Gobernuaren xedea, ezker abertzalearen arabera
Lehendakariak eta Oyarzabalek diskurtsoak "lasaitu" izana aurrerapauso "txikia" baina "positiboa" dela uste dute. Prentsaurrekoa eman dute legeztatzearen alde Bilbon egingo den martxa babesteko.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak gogor kritikatu du Espainiako Gobernuaren "helburua Sortu legez kanporatzea" izatea, zeren horrek agerian uzten baitu "minimo demokratikoak errespetatuko dituen agertoki bat" lortzeko "ausardia falta". Patxi Lopez lehendakariak eta Iñaki Oyarzabal PPren EAEko idazkari nagusiak diskurtsoak “lasaitu" izana aurrerapauso "txikia" baina "positiboa" dela uste dute.
Larunbatean Sortu legeztatzearen alde Bilbon egingo den manifestazioari babesa agertze aldera emandako prentsaurrekoan, Niko Moreno eta Miren Legorburu ezker abertzalearen bozeramaileek berretsi dute "amaitu" dela "armen zikloa" eta orain "beldurra" ematen omen du ezker abertzalearen "proiektu politiko berriak".
Testuinguru horretan, gogor kritikatu dute "Espainiako Gobernuaren helburua ilegalizazioa" izatea, izan ere, horrek agerian uzten baitu "minimo demokratikoak errespetatuko dituen agertoki bati dioten beldurra". Gainera, Barne Ministeroak arreta Justiziara "desbideratu" izana "ausardia faltaren" erakusle dela iritzi diote.
Era berean, Patxi Lopez lehendakariaren eta Iñaki Oyarzabal PPren EAEko idazkari nagusiaren diskurtsoak "lasaitu" direla azpimarratu du, pauso "txikia" baina "positiboa" delako. Azkenik, alderdi politikoei "hauteskunde kalkuluak baztertu" eta "demokrazia lehenesteko" deia egin diete.