Politika -

DE MIGUEL AUZIA

Fiskalak zigor eskaerak murriztu dizkie De Miguel auziko akusatu guztiei

Alfredo De Miguel akusatu nagusiari 54tik 30 urtera jaitsi dio. Fiskalarekin akordioa lortu zuten akusatuen kasuan, jaitsiera askoz ere nabarmenagoa da.

De Miguel auziko epaiketa. ETBren bideo batetik ateratako irudia
De Miguel auziko epaiketa
De Miguel auzia: fiskalak erdira jaitsi ditu zigor eskaerak

2:38

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

De Miguel auziko epaiketan, Arabako Fiskaltzak behin-betiko akusazio idatzia helarazi die aldeei eta zigor eskaerak jaitsi dizkie 26 akusatuei. Alfredo De Miguel akusatu nagusi eta Arabako EAJko bigarrena izan zenak 30 urteko kartzela zigor eskaerari aurre egin beharko dio; hasieran 54 urteko espetxealdia eskatu zuen fiskalak berarentzat. Fiskalarekin akordioa lortu zuten bederatzi akusatuen kasuan, jaitsiera askoz ere nabarmenagoa da. Zehazki, seirentzat absoluzioa galdegin du eta gainerako hirurei, ostera, nabarmen murriztu die eskaera.

Fiskaltzak De Miguel behin betiko txostena publiko egin du gaur goizean, eta hasierako zigor eskaera guztiak murriztu ditu.

Alfredo De Miguelen kasuan, Fiskaltzak 29 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du, hogei delitu inguru leporatuta, tartean, eroskeria, prebarikazioa, derrigortzea edota diru publikoa bidegabe erabiltzea. Fiskaltzak frogatutzat jo du Alfredo De Miguelek sare bat sortu zuela, kontratu publikoak modu irregularrean esleitzearen truke legez kanpoko komisioak kobratzeko.

Arabako Fiskaltzak 13 urte eta erdi eta 14 urte eskatu du, hurrenez hurren, Aitor Telleria eta Koldo Otxandiano beste bi akusatu nagusientzat. Hasiera batean egindako eskaera 31 urte eta 32 urtekoa zen. Fiskalaren arabera, Telleriak eta Otxandianok euren buruak eta beste batzuk aberasteko sare bat osatu zuten, EAJko kide izateagatik zituzten harreman politiko eta administratiboak baliatuta.

Zigor eskaera nabarmen jaitsi die, ostera, hiru akusatu nagusien emazteei. Hiruren kasuan, bost urteko kartzela zigorra galdegin du. Hasieran, eskaera bestelakoa zen: 30 urte, Ainhoa Bilbao Alfredo De Miguelen emaztearentzat, 21 urte, Araceli Bajo Aitor Telleriaren emaztearentzat; eta 22 urte, Iratxe Gaztelu-Urrutia Koldo Otxandianoren emaztearentzat.

Bederatzi akusatuk akordioa lortu zuten fiskalarekin eta horrek isla argia izan du behin-betiko idatzian. Josu Arruti enpresariak, esaterako, berak eta De Miguelek legez kanpoko komisioak jaso zituztela onartu zuen epaiketan. Fiskalak 20 urteko kartzela zigorra eskatu zuen hasieran Arrutirentzat; orain, bi urtekoa. Haren arreba eta koinatuarentzat, ostera, absoluzioa galdegin du. De Miguelek legez kanpoko komisioak kobratu zituela berretsi zuten Francesc Fernandez Joval eta Placid Casas enpresari katalanek eta horien kasuan ere absoluzioa eskatu du Ministerio Publikoak, delituak preskribatu egin direla argudiatuta. Guztira, sei akusaturen absoluzioa galdegin du. Bestalde, Fiskaltzak 10 urteko inhabilitazioa eskatzen du Gurutz Larrañaga Eusko Jaurlaritzako Kultur sailburuorde zenarentzat. Hasieran, zazpi urteko kartzela zigorra eskatzen zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Araba Epaiketak bideoak Eguneko albisteak Albisteak De Miguel auzia albisteak