Politika -
NaBaitik kanpo gelditu ondoren
EA eskaintza propioarekin aurkeztuko da Nafarroan
Hauteskundeetara ezker abertzalearekin koalizioan aurkeztea "ezinezkoa" dela adierazi du Maiorga Ramirez EAko Nafarroako idazkariak.
Erredakzioa
Hauteskundeetara "Eusko Alkartasuna eskaintza propioarekin aurkeztuko" dela adierazi du gaur Maiorga Ramirez EAko Nafarroako idazkariak prentsaurrekoan. "EAJ-Aralar koalizioak bultzatutako bazterketarekin haserre dauden hautesle guztien babesa" eskatuko dutela azaldu du Ramirezek.
Hauteskundeetara ezker abertzalearekin koalizioan aurkeztea "ezinezkoa" dela adierazi du EAko ordezkariak, izan ere, "legez kanpo dago", baina "etorkizuneko aldaketa politikoa lortzeko guztien arteko adostasuna beharrezkoa izango" dela azpimarratu du.
Hauteskundeetan, besteak beste, "Nafarroa Bairen hasierako printzipioak, ezkerreko lagun eta indar abertzale, progresista eta euskaltzale guztiak bazterketarik gabe barneratzea eta Nafarroara aldaketa ekartzea", defendatuko dituztela ziurtatu du Maiorga Ramirezek.
"Aralarrek eta EAJk gaur aurkezten duten Nafarroa Bai moztuta" dagoela salatu du EAko agintariak, eta "ezberdinen arteko adostasuna defendatzeko legitimitaterik ez" duela erantsi du. "EAJ-Aralar koalizioak Nafarroa Bai ordezkatzen ez" duela gaineratu du Ramirezek.
Ondorioz, "Nafarroa Bai izena erabiltzeko legitimotasun politikorik eta legalik ez" dute Aralarrek eta EAJk, EAko ordezkariaren ahotan. "Nafarroa Bai indarrean dago hurrengo hauteskunde orokorrak izan arte", erantsi du.
Ramirezen hitzetan, "Aralar eta EAJ sigla propioekin aurkeztea logikoena izango litzateke, bestela hautesleei iruzur egingo dietelako".
"Nafarroa Bai haustearen atzean, Aralarrek koalizioa kontrolatzeko duen helburua dago, azken bi urteetan koalizioaren elkarbizitza tenkatu baitu", azaldu du Ramirezek.
Iñaki Cabasesek EA utzi du
Bestalde, EA koaliziotik at aurkeztu behar zela ezagutu ostean, Iñaki Cabases Iruñeko zinegotziak (NaBai) Eusko Alkartasuna utzi duela baieztatu du Ramirezek. "Kasu bakan deitoragarria" dela esan du EAko agintariak.