Politika -
Elkarrizketa ETB-2n
'Sortuk ez du alfonbra gorririk izango, pauso gehiago eman behar ditu'
Lehendakariaren hitzetan, "ez da alderdien mahai bat eratzeko unea". Bestalde, Eguigurenek esandakoaren harira, "gehienok oraindik zabaldu barik ditugun itxaropen banderekin aurrera egiten du berak".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariaren hitzetan, "mundu horrekiko mesfidantzak, zalantzak eta susmoak" argitzeko "pausuak eman" arte, ezker abertzaleak ez du Sortu "desfilatzeko alfonbra gorri bat izango".
ETB-2n egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, ezker abertzalearen gainean "zalantza" eta "susmo iraunkorra" dago. "Zalantza guzti horiek argitzeko gaitasuna eurek soilik dute, eta beraz, ez dute desfilatzeko alfonbra gorririk izango", esan du.
Lehendakariaren aburuz, "mundu horrek askotan engainatu gaitu", eta ildo horretan, "egiatan ari direla erakusten duten ekintzak behar dituzte" herritarrek. "Nik sinetsi nahi diet , albiste oso ona izango litzateke", gaineratu du.
"ETA desagertu behar dela eta sobran dagoela esan, edo ETA desagertzeko gainerako alderdiekin lanean hasi behar du Sortuk", esan du Patxi Lopezek.
Dena den, erabaki hori hartzeko epailea ez dela adierazi. "Epaileek erabaki behar dute, hori da egokiena", azaldu du.
Jesus Eguigurenek astelehenean Plato 2.0 saioan egindako adierazpenen harira, lehendakariak esan du: "Gehienok oraindik zabaldu barik ditugun itxaropen banderekin aurrera egiten du Eguigurenek". Dena den, "Eguigurenen ahotsa kontutan" izan behar dela uste du.
Hori dela eta, Alderdien Mahai bat eratzeko "une" egokia denik baztertu du; izan ere, "ETA bizirik jarraitzen du". "Mahaiaren gidaritza ETAri utziko diogu? Ez, beraz, ez da unea", esan du.
Bestalde, lehendakariak "apartekotzat" jo ditu EAJren eta PPren arteko harremanak, "EAEn normaltasun sintoma bat direlako". "Aurretik gertatzen zena da normala ez zena; alderdi batzuk baztertzen saiatu izan dira kutsatuak baleude bezala", gaineratu du.
"Zentzuzko bilera Zapaterorekin"
Bestalde, datozen egunotan Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin bilduko dela iragarri du.
Lopezen hitzetan, bakea eta askatasuna lortzeko bidearen edo egoera ekonomikoaren nondik norakoak aztertuko dituzte bilera horretan.
Bizkartzainen zerbitzuan Herrizaingo Sailak egingo duen "berrantolaketaren" harira, Lopezek esan du Rodolfo Ares sailburuak ez duela "inoiz profesionalen kontrako" erabakirik hartuk".