Politika -
Ikerketa batzordea
'Marguello auzia': Azkunaren ustez, Osakidetzak "zuzen" jokatu zuen
Bilboko alkatea Medical Dom enpresaren kontratazioa ikertzen dabilen Eusko Legebiltzarreko batzordean izan da. Osakidetzak egindako kontratua "guztiz legezkoa" izan zen, Azkunaren hitzetan.
Erredakzioa
Iñaki Azkuna Bilboko alkatea Eusko Legebiltzarrean izan da gaur, ''Marguello auzia'' ikertzen ari den batzordean deklaratzen. 1996an, bera buru zela, Osasun Sailak izan zuen jokaera babestu du Azkunak. Bere esanetan, Medical Dom enpresaren kontratazioa "guztiz legezkoa izan zen".
"Ez dago engainurik, guztia erabat legezkoa izan da. Nire lan taldea zuzen aritu zen egoera berezi batean, pertsonak arriskuan zeudela, eta haren zintzotasuna defendatzera nator", azpimarratu du.
Azkunak azaldu duenez, 1996an Debagoiena eskualdea larrialdietarako baliabiderik gabe gelditu zen, ospitaleaz gain. Hori dela eta, Osakidetzak Medical Dom enpresari kontratua egin zion lehiaketa publikora atera gabe, dekretu batean oinarrituta.
Bestalde, Azkunak jakitera eman duenez, zortzi hilabete geroago lehiaketa publikoa egin zen eta konpainia horrek irabazi zuen, eta 1997an Gipuzkoan egindako prozesu berbera ere enpresa horrek irabazi zuen. Medical Dom enpresak Osakidetzarentzat legez kontra lan egin zuen susmoa dago, eta bertan Jose Carlos Marguello Gurutzetako ospitaleko Kalitate arduradun ohiak parte hartu zuen.