Politika -

DIPUTATUEN KONGRESUA

Pastorrek Rufian Kongresutik kanporatu du, Borrell ministroarekin sesioa izan ostean

ERCko diputatuak 'demokraziaren historiako ministrorik mespertxagarriena' izatea egotzi dio Atzerri ministroari.

Gabriel Rufian ERCko diputatua Josep Borrellekin izan duen sesioan. Argazkia: EFE
Gabriel Rufian ERCko diputatua Josep Borrellekin izan duen sesioan
Rufian Kongresutik kaleratu dute Borrellekin izandako liskar batengatik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ana Pastor Diputatuen Kongresuko presidenteak Gabriel Rufian ERCko diputatua Kongresutik kanporatu du, Josep Borrell Atzerri ministroarekin sesioa izan ostean. Egotzi aurretik, hirutan ohartarazi du jarrera aldatu dezan.

Gabriel Rufianek Ciudadanoseko diputatuei "faxista" deituz hasi du bere hitzaldia. Gerora, Josep Borrell ministroa hartu du jomugan eta "demokraziaren historian duintasun gutxien izan duen ministroa" izatea egotzi dio. Ez hori bakarrik, "eskuin muturreko" Sociedad Civil Catalana plataformako "hooligan" moduan jokatzea aurpegiratu dio. Rufianen iritziz, Borrelli bi gauzek lotsa eman beharko lieke: batetik, aurrekontu handiagoa izanda nazionalistekin lehiatzeak; bestetik, espetxean dagoen Oriol Junqueras ERCko buruzagiari trufa egiteak.

"Beste behin, zerrauts eta simaur nahasketa bat isuri duzu hemizikloan, hori baita ekoizteko gai zaren gauza bakarra", erantzun dio Josep Borrellek Gabriel Rufiani.

Kongresuko osoko bilkuran, txalo artean eta zutik jarrita hartu dituzte Borrellen hitzak PSOEko, PPko eta Ciudadanoseko diputatuek. Orduan, Rufian bere eserlekutik altxatu da txaloak "jasotzeko".

Gabriel Rufianek gertatutakoari buruzko txio bat argitaratu du bere Twitter kontuan: "Borrelli txalo egiten zioten horiek bezala zutik egoteagatik kanporatu naute. Eta ministro sozialista lortzen ari zena erakusteko altxatu ditut besoak".

 

 

Pastorrek bere portaera aldatzeko eskatu dio Rufiani, baina ERCko diputatuak ez dio jaramonik egin eta Kongresuko presidenteak egotzi egin du azkenean.

Rufianetik atzetik, ERCko diputatuak ere Kongresuko osoko bilkuratik atera dira.

Irteterakoan ERCko diputatu batek txistua bota diola salatu du Josep Borrellek. ERCtik, ordea, akusazio hori ukatu dute eta esandakoa zuzentzeko eskatu diote ministroari.

Gisa horretako istiluak Kongresuan gertatzea deitoratu du Borrellek eta Kongresuko presidentearen portaera goraipatu du.

Bestalde, Ana Pastorrek iragarri duenez, "faxista" eta "kolpista" erretiratuko dituzte gaurko osoko bilkurako egunerokotik. Juan Carlos Girauta Ciudadanoseko diputatuak ERCko diputatuei zuzenduaz esan ditu hitz horiek, bi alderdiek izan duten liskarraren une batean. PP ez dago ados bi hitz horiek egunerokotik erretiratzeko erabakiarekin eta gaia Kongresuko Mahaira eramango duela iragarri du.

Azken gorabeheraren ondotik, Pastorrek diputatu guztiei errieta egin die azken osoko bilkuretan izandako krispazio maila tarteko. "Hau hitzaren etxea da, baina ezin da hitza inor iraintzeko erabili".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Katalunia gaur Politika Alderdi politikoak berriak Albisteak Gaur Albisteak