Politika -

Protesta

Gizon bat atxilotu dute Pasaiako portuan, agintariei porlan-hautsa botatzeagatik

Porlan-hauts gehiena Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren gainera erori da, baina beste agintari batzuk ere nabarmen zikindu dira. Portuak Pasaian eragin duen kutsadura salatu du atxilotuak.

Gizon bat atxilotu dute Pasaiako portuan, agintariei porlan-hautsa botatzeagatik
Gizon bat atxilotu dute Pasaiako portuan, agintariei porlan-hautsa botatzeagatik
Atxilotu bat, Olano, Goia eta Tapiari porlan-hautsa botatzeagatik

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat atxilotu dute asteazken honetan Pasaiako portuan (Gipuzkoa), Txintxerpe eta Herrera arteko oinezkoentzako pasabidea irekitzeko ekitaldian parte hartu duten agintariei porlan-hautsa botatzea leporatuta. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria bertan izan dira, beste agintari batzuekin batera.

Bizkartzain batek berehala geldiarazi du porlan-hautsa jaurti duen gizonezkoa, eta agintariengandik urrundu ostean, inguruan zeuden ertzainen esku utzi du. Agenteek herritarra atxilotu dute eta polizia-etxera eraman dute, agintariei eraso egitea egotzita.

11:30 aldera, inaugurazio-ekitaldi horretan parte hartu behar zuten sei erakunde ezberdineko agintariek Herrerako Toparen geltokia eta Trintxerpe arteko pasabidea oinez zeharkatu dute.

Alabaina, Portuak Pasaian eragin duen kutsadura salatzeko elkarretaratzea egin du Badian Bizi plataformak inguruan, ‘Nahikoa da. Ez jolastu gure osasun eta bizitza kalitatearekin’ lelopean.

Protesta horretan parte hartu duen gizon batek porlan-hautsez betetako poltsa zeraman aldean. Agintariak gertu ikusi dituenean, haiengana hurbildu da, Ertzaintzak ezarritako segurtasun-neurriak bete gabe.

Orduan, bizilagunek jasan behar duten kutsadura salatu du herritarrak, eta aldean zeraman porlan-hautsa airera bota du. Dena dela, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren gainera erori da gehiena, eta ondoan zituen Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapenerako sailburua, Jesus Loza Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria, Eneko Goia Donostiako alkatea, Izaskun Gomez Pasaiako alkatea eta Felix Garciandia Pasaiako Portuko Agintaritza presidentea ere nabarmen zikindu dira.

Porlan-hautsa garbitu ostean, Txintxerpe eta Herrera arteko oinezkoentzako konexioa irekitzeko ekitaldian parte hartu dute agintariek ez dute aipamenik egin aurretik gertatutakoaren inguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoako albisteak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Albisteak Gaur Pasaia bideoak Eguneko albisteak