Politika -
Gobernuaren kontrolerako saioa
Patxi Lopez: 'Sortu benetan ari bada, inork ezin dio bidea eragotzi'
Legalizazioak bakearen bidea erraztuko duela uste du, baina argi erakutsi behar dutela arau demokratikoak bere egin dituztela. Bestalde, barkamena eskatu du euskara eta askatasuna lotzeagatik.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak esan du ezker abertzalearen legalizazioak bakearen bidea erraztuko duela, baina horretarako "benetan ari direla erakutsi behar dute". Hori horrela, demokraziaren arauak bere eginez gero "inork" ezin diola demokrazian sartzeko "bidea eragotzi" azpimarratu du.
Eusko Legebiltzarrean egin duten kontrol saioan, lehendakariak EAJk eta UPyDk bakegintzari buruz egindako galderei erantzun die.
Joseba Egibar EAJren bozeramaileak egoera politiko berriaren aurrean Eusko Jaurlaritzak duen ibilbide orria zein den galdetu dio.
Lehendakariak erantzun dio Sorturen legeztatzeak lagunduko duela bakea lortzeko bidean eta gustura hartuko lukeela hala izatea, baina egoera horretara iristeko argi esan du ez dela nahikoa "fedea", "egitateak" baizik. Izan ere, "mundu horrek demokraziaren baloreak bere egin dituela erakusten badu" izango da legezkoa.
"Inork ezin dio bidea eragotzi, kontrakoa baizik, demokraziaren printzipioak, arauak eta baloreak bere egiten dituenari bidean trabak jartzeak demokratikotasun falta erakusten baitu", gaineratu du.
Lehendakariak hitz eman du "egoera berriari dagozkion pausoak" emango dituela eta ez duela "bakerako eta askatasunerako bidea galaraziko".
Barkamena, euskara eta askatasuna lotzeagatik
Lehendakariak barkamena eskatu du euskara eta askatasuna lotu zituen adierazpenak direla eta. Bere ustez, baina, askok irainduarena egin dute, euskararentzat kaltegarriak diren polemikez baliatuta lehendakariari eraso egiteko.
Lopezek Eusko Legebiltzarean egin ditu adierazpenok, Gobernuaren kontrolerako saioan, urtarrilaren 24an Euskararen Aholku Batzordean egindako adierazpenei buruz EAJk, Aralarrek eta EAk egindako galderei erantzunda.
Egun horrretan, hain zuzen ere, indarkeria desagertzen denean "euskara eta askatasuna behin betiko lotuta" geratuko direla esan zuen.
Hori horrela, lehendakariak argi utzi nahi izan du ez dituela "inoiz" lotu euskara eta terrorismoa, eta adierazpen haiekin indarkeriaren amaierak hizkuntzaren inguruko gaizki-ulertuak ere bukatuko dituela esan nahi zuela.
Patxi Lopezen hitzetan, "ETAk kalte egin die herrialde honen muinarekin zerikusia duten gauza kutunenei, euskarari kasu": "ETAk eta haren inguruak euren alde erabili dituzte Euskadiko osagaiak, eta horrek mesfidantza sortu du sektore batzuetan".
"Argi dago terrorismoaren amaieraren ondorioz euskara ez dela tabu izango hainbat tokitan", nabarmendu du.
EAJren, Aralarren eta EAren adierazpenak
Joseba Egibarrek (EAJ) kritikatu egin du euskara eta askatasuna lotu izana, eta gaztelaniarekin eta frantsesarekin ere zergatik ez duen berdin egin galdetu dio.
Aralarretik, adierazpenak "ez egokiak" izan zirela aitortzeko eskatu dio Mikel Basabek. Halaber, polemika "interesatua" izatea ukatu du, aipatu hitzek "kalte" egin baitute.
Bide beretik, Juanjo Agirrezabalak (EA) salatu du lehendakariarentzat euskararekin "denak balio" duela, eta hizkuntzari laguntzeko eskatu dio.