Politika -

Transferentziak

Erkoreka: 'Agintean edozein egonda ere, dagozkigun eskuduntzak exijituko ditugu'

"Estatutua betetzea ez da une jakin bateko kontua, egiturazko arazoa baizik. Horregatik, hurrengo legealdian ere berdin-berdin exijituko diogu gobernatzeko ardura duenari", nabarmendu du.

Josu Erkoreka eta Meritxell Batet. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka eta Meritxell Batet. Argazkia: EFE
Josu Erkoreka eta Meritxell Batet. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak argitu duenez, Euskadiren esku utzi behar dituzten transferentzien inguruan Meritxell Batet Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko ministroarekin egiten ari den lana "ez da egungo agertoki politikora mugatzen, Estatutua betetzea ez baita egoeraren araberako kontua, egiturazko arazoa baizik". Horregatik, legealdi honetan ez ezik, hurrengo legealdian ere gauza bera exijituko dutela azpimarratu du, "agintean edozein egonda ere".

Astelehenean Batzorde Mistoak bilera egin zuen, Bilbon, bi transferentziaren eskualdatzea ofizialtzeko: AP-1 autobidearen Armiñon eta Burgos arteko zatiarena eta Alonsotegi-Bilbo eta Bilbo-Basauri trenbide lineena, hain zuzen. Horren harira, Erkorekak gogorarazi du Batetet argi utzi zuela Espainiako Gobernua transferentzien eskualdatzerako lan plangintza eta egutegia zehaztu nahian dabilela.

Gaur, berriz, Gobernu kontseiluaren bilera bukatutakoan eman duen prentsaurrekoan, Erkorekak azpimarratu du Espainiako Gobernuari dagokiola transferentzien prozesua "bultzatzea", Auzitegi Konstituzionalak zehazten duenez, eta, beraz, Gobernuak berak itxi behar duela egutegia.

Alabaina, Erkorekak azaldu du Batetek Eusko Jaurlaritzarekin "egiaztatu" nahi izan duela egutegia, hori dela eta, bilerak egiten ari dira, urtea bukatu orduko agiri bateratu bat adosteko.

Ildo horretan, argi utzi du lehenengo fase batean zehaztuko dituzten eskumenak oraindik argitu gabe daudela, nahiz eta espero duen aldebiko batzordearen bilerek "lehenbailehen fruitu ematea".

Era berean, gogorarazi du euskal finantza sistemak "azterketa nabarmendua eta berezia" behar duela. Nolabait esateko, beste autonomia erkidego batzuetan gauzatu diren transferentziak ezin dira Euskadirentzat erreferente izan. "Euskadiko eskumen guztiak berriak eta berritzaileak dira, horrenbestez, hutsetik abiatu behar dira", nabarmendu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua