Politika -

Foru eta udal hauteskundeak

'Talde batua eta zintzoa' aurkeztu du EAJk Bizkaiko hauteskundeetarako

Unai Rementeria ahaldun nagusia, Ana Otadui Batzar Nagusietako presidentea eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatea berriz aukeratuta izateko helburuarekin aurkeztuko dira.

Bizkaiko foru eta udal hauteskundeetarako EAJren hautagaiak / Argazkia: EFE.
Bizkaiko foru eta udal hauteskundeetarako EAJren hautagaiak.
Bizkaiko foru eta udal hauteskundeetarako EAJren hautagaiak / Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Unai Rementeriak, Bizkaiko ahaldun nagusiak eta 2019ko hautagaiak, EAJk foru eta udal hauteskundeetara aurkeztuko duen taldea "Bizkaia hobe baten zerbitzuan" dagoela esan du, eta "bateratua, esperientziaduna, ilusioduna, proiektuak dituena, langilea, eta batez ere, zintzo-zintzoa" dela.

Bilbon aurkeztu ditu EAJk 2019ko hauteskundeetara aurkeztuko dituen hautagaiak, Itxaso Atutxak gidatutako ekitaldian.

BBBko presidenteak jeltzaleak "etxerako lanak eginda eta herritarrei herri bakoitzak duen onena eskainita" aurkeztuko dela esan du. "Trebatutako pertsonak, konprometituta eta ilusionatuta, aurkeztuko ditugu, auzokoei proiektuak, etorkizuna eta errealitatea eskaintzeko proposamen zehatzak dituztenak", gehitu du.

EAJ Bizkaiko 110 udalerritan aurkeztuko da; denetan Amoroto eta Gizaburuagan izan ezik. Hautagaitza horiei gehitzen zaizkie Batzar Nagusietako lau barrutietakoak.

Bere hitzaldian, Unai Rementeriak azpimarratu du EAJ "talde bikaina" dela, eta esan du "inork" ezin duela "horrelako zerbait eskaini". "Bizkaia hobe baten zerbitzuan dagoen taldea gara, batua, eskarmentua duena, ilusioduna, proiektuak dituena, langilea eta, batez ere, zintzo-zintzoa", azpimarratu du.

Bizkaia "orain dela bost edo hamar urte baino askoz hobeto" dagoela defendatu du, eta uste du botila ez dagoela "erdi beteta, baizik eta gainezka eginda", oraindik "hobetzeko" gauzak dauden arren. "Ekonomia eta gizarte arloan, garraioetan eta osasunean, bidea egin dugu… Hobeto gaude horretarako lan egin dugulako. Emandako hitza bete dugu, berbako pertsonak garelako, eta beti Bizkaia hobe bat uzten dugulako", esan du.

Batzar Nagusietako presidente eta hautagai Ana Otaduik "eskerrak" eman dizkie alderdiari eta ordezkatzen duen erakundeari, "harro" agertu da hautagaitzan parte hartzeagatik eta Batzar Nagusiak ordezkatzeagatik "erantzukizuna" sentitzen duela esan du.

Bilboko alkatea berriz izan nahi duen Juan Mari Aburtok ere hitza hartu du. "Gertutasuna, konpromisoa eta erantzukizuna" eskaini ditu, baita "lana, lana eta lana" ere.

"EAJk oso argi dauka zer eta nola egin", defendatu du, eta lehentasuntzat "pertsonak, auzoak eta jarduera ekonomikoa" hartu ditu. Horrela, "herritar bat ere ez bide ertzean uzteko" konpromisoa adierazi du, eta Bilbo "puzzle bat bezalakoa" dela esan du, eta "auzo bakoitza, zati bat".

"Jarduera ekonomikoa eta gizartearen kohesioa" txanpon bereko bi aldeak direla esan du.

Barakaldo eta Getxo

Barakaldoko alkateak eta hautagaiak, Amaia del Campok, "Barakaldo zegoen geldiunetik ateratzea eta abiadura hartzea lortu" duela esan du, "EAJren seinaleak diren lana, ahalegina, zintzotasuna, ilusioa eta gardentasunaren bitartez".

Amaia Agirrek, Getxoko alkategaiak, "guztik gure bizitza proiektua garatu dezakegun herri batekin" amesten duela esan du, "hazteko, bizitzeko eta gozatzeko Getxo batekin", Elkartegi, BiscayTIK, Getxo Antzokia, Algortako musika eskola, Romo Kultur Etxea eta Fadura polikiroldegiaren transformazioa bezalako proiektuekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Bizkaia Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Hautagaiak Unai Rementeria Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023