Politika -

Andaluziako hauteskundeak

Vox Andaluziako Parlamentuan sartu da, eta gehiengo osoa eman dio eskuinari

Sozialisten (33) eta Adelante Andaluciaren (17) batuketa ez da nahikoa gobernatzeko. PPren (26), Ciudadanosen (21) eta Voxen (12) artekoa, aldiz, gehiengo osoa da.

Voxeko agintariak, emaitzak ospatzen / Argazkia: EFE.
Voxeko agintariak, emaitzak ospatzen.
PSOEren hondoratzeak ziklo berri baten hasiera dakar Andaluziara

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOEren hondoratzeak jokaleku berria ireki du Andaluzian. 14 eserleku galdu ditu, eta 1982tik lehenengo aldiz % 30tik behera geratu da Andaluziako hauteskunde batzuetan. 37 urteren ostean, sozialistak gobernutik irten litezke.

Vox indarrez sartu da Parlamentuan, 12 diputaturekin. PPk, Ciudadanosek eta Voxek PSOE Andaluziako Juntako gobernutik kanporatzeko akordioa lortu lezakete.

Emaitzak

PSOEk irabazi ditu Andaluziako hauteskundeak, botoen % 28,4rekin, 33 eserleku lortuta. Beraz, 2015ean baino 14 eserleku gutxiago eskuratuta.

Sozialisten beherakada handiak eskuineko alderdiek gehiengo osoa lortzea ahalbidetu du, 59 eserlekurekin. Andaluziako Parlamentuan gehiengo osoa izateko 55 eserleku behar dira.

PPk 26 diputatu eskuratu ditu —aurreko hauteskunde autonomikoetan baino 7 gutxiago—, botoen % 20,62rekin.

Ciudadanosek 21 eserleku lortu ditu —2015ean baino 11 gehiago—, botoen % 18,06rekin.

Adelante Andaluciak 17 diputatu izango ditu, botoen % 16,17rekin. Orain dela lau urte, Podemosek eta IULV-CAk 20 eserleku lortu zituzten, orain baino 3 gehiago.

Vox izan da hauteskundeetako ustekabe handia. Botoen % 10,85 lortu dute eta 12 eserleku izango dituzte Andaluziako Parlamentuan.

Eskualdeka, PSOEk zortzi probintzietatik zazpitan irabazi du: Kordoban, Granadan, Malagan, Huelvan, Cadizen, Sevillan eta Jaenen. Alderdi Popularra, berriz, Almerian gailendu da. Aipatzekoa da probintzia horretan VOX hirugarren indar dela, sozialisten atzetik. Sevillan, PPri aurrea hartzea lortu du Adelante Andaluciak, bigarren postua eskuratuta. Cadizen, Ciudadanos, Adelante Andalucia eta PP alderdien arteko berdinketa jazo da, hiruna diputatu lortu dituzte eta.

Hiriburuei dagokienez, PP alderdi bozkatuena izan da lautan: Almeria, Kordoba, Granada eta Jaen. PSOEk Huelvan, Sevillan eta Malagan —2015ean PP izan zen garaile— irabazi du, eta Almerian eta Jaenen bigarren geratu da. Adelante Andalucia izan da bozkatuena Cadizen, eta bigarren indar Sevillan. Ciudadanos (Cs) bigarren postuan geratu da Cadizen, Kordoban, Granadan, Huelvan eta Malagan.

Aipagarria Voxek El Ejidon (Almeria) lortu duen garaipena (botoen ia % 30 eskuratu du). PPk Marbellan (Malaga) zuen nagusitasuna galdu du, PSOEren mesedetan. Bestalde, Ciudadanos lehen indar izatea lortu du Jerez eta Chiclana de la Frontera herrietan (Cadiz) —2015ean, laugarren indarra zen—.

Behera egin du parte-hartzeak

Parte-hartzea % 58,65koa izan da, datu baxuena 1990tik Andaluziako hauteskundeetan eta 2015ean baino 3,7 puntu gutxiago.

Abstentzioa, beraz, % 41,35ekoa izan da.

Datu ofizialak, atzeratuta

22:15 arte ez dira lehenengo datu ofizialak jakitera eman, behin Sanlucar de Barramedako (Cadiz) hauteslekuak itxi direnean. Atzerapena izan dute bertan, zenbait mahaitan Equoko boto-txartelak falta zirelako.

Bestalde, Andoni Ortuzarrek ere Andaluziako hauteskundeetako emaitzak aztertu ditu.

Ortuzar: 'Frankismoa beti egon da bizirik, PPn ezkutaturik zegoen'
Ortuzar: 'Frankismoa beti egon da bizirik, PPn ezkutaturik zegoen'
Ortuzar: 'Frankismoa beti egon da bizirik, PPn ezkutaturik zegoen'

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Politika Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak