Politika -
ANDALUZIAKO HAUTESKUNDEAK
Zeintzuk dira Vox alderdiak Andaluziako Parlamentuan izango dituen 12 hautetsiak?
391.889 botorekin (% 10,95) indartsu sartu da Parlamentuan, Francisco Serrano epaile sevillarra buru. Gorenak gaitasungabetzea ezarri zion, eta gaur egun eszedentzian dago.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Igandean Andaluzian egin diren hauteskundeetan, Vox alderdia indartsu sartu da Parlamentuan 391.889 boto (% 10,95) eta 12 diputatu lortuta. 37 urteren ostean, sozialistak gobernutik irten eta eskuina agintera hel daiteke, izan ere, PPk, Ciudadanosek eta Voxek gehiengo osoa dute.
Vox alderdiak zortzi probintziatan lortu ditu ordezkariak: bina Sevillan, Malagan, Cadizen eta Almerian eta bana Kordoban, Granadan, Jaenen eta Huelvan.
12 diputatu horien buru, Francisco Serrano epaile sevillarra. Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak 2011n zigortu zuen, adin txikiko bat Sevillako Aste Santuko prozesio batean atera zedin haren zaintza zehazten zuen txandan aldaketa bat egiteagatik. Auzitegi Gorenak Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiaren zigorra berrikusi, eta gogortu egin zuen. Gerora, Auzitegi Konstituzionalak Sevillako epailea babestu eta Gorenaren epaia bertan behera utzi zuen. Dena den, Andaluziako epaitegiaren epaia berretsi zuen. 2017an, Auzitegi Gorenak Francisco Serrano epailea birgaitu zuen, eta gaur egun eszedentzian dago.
Maria Jose Piñero izango da Sevillako bigarren diputatua. Lanbidez medikua, ezkonduta dago eta zazpi seme-alaba ditu. Gaur egun, Vox alderdiaren presidentea da Sevillan.
Almeria ordezkatuz, beste bi diputatu izango ditu Voxek. Luz Belinda Rodriguez (38 urte) Aireko Armadako kide izan zen. Ibilbide militarra albo batera utzita, segurtasun pribatuko enpresa batzuetan egin zuen lan, eta gaur egun etxekoandrea da. Rodrigo Alonsok (38 urte) udal politikagintzan esperientzia du. Administrazio eta Enpresa Zuzendaritzan lizentziatua, gaur egun telekomunikazio enpresa txiki bat du.
Malagari dagokionez, Eugenio Molto eta Ana Gil Roman izango dira Voxeko ordezkariak. Eugenio Molto (58 urte) albaitaria da lanbidez. 1996 eta 2002 artean, Albaitarien Kolegioko presidentea izan zen. PPko militante izan zen hainbat urtez, 2014an alderdia utzi zuen arte. Aurrez udal politikagintzan aritua da, hain zuzen ere, Esteponan. Gaur egun, alderdiko presidentea da Malagan. Ana Gil Roman erretiratuta dago gaur egun, baina hainbat urtez abokatu bulego batean egin zuen lan idazkari gisa. Aurrez, 2015ean, Voxeko alkategaia izan zen Esteponan.
Cadizen, Manuel Gavira eta Angela Mulas hautatu dituzte. Manuel Gavira (1969an jaio zen) abokatua da lanbidez. Angela Mulas ere abokatua da, merkataritza zuzenbidean aditua.
Huelvan, Rafael Segovia aukeratu dute. Medikua lanbidez, hastapenetatik egin du lan Vox barruan. Huelvako alkate izan zen Antonio Segoviaren iloba da.
Granadaren izenean, ostera, Francisco Jose Ocaña Castellon egongo da. 47 urte ditu, ezkonduta dago eta hiru seme-alaba ditu. Droneen inguruko enpresa bateko gerente eta abiazio komertzialeko pilotua da. Halaber, coaching politikoan eta planifikazio estrategian formazioa du.
Jaen ordezkatuz, Benito Morillo arituko da. Militar ohia da, eta hasieratik dago Voxi lotuta.
Azkenik, Alejandro Hernandez abokatua izango da Kordobako diputatua. Ezkonduta dago eta hiru seme ditu.