Politika -

De Miguel Auzia

Absoluzioa emateko 'beldurrik ez' izateko eskatu die De Miguelen defentsak epaileei

La Manada auziari erreferentzia egin dio Arabako EAJren buruzagi ohiaren abokatuak. Horren ustez, Nafarroako Auzitegikoan bezala, honetan ere 'epaiketa mediatiko eta paraleloa' izan da.

De Miguel, Gonzalo Susaeta bere abokatuarekin. EFEren artxiboko irudia
Alfredo De Miguel eta Gonzalo Susaeta abokatua.
De Miguelen defentsak absoluzioa eskatu du

1:25

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo de Miguel Arabako EAJren buruzagi ohiaren defentsako abokatuak absoluzioa eskatu du bere bezeroarentzat, eta epaia emateko orduan "presio soziala" kontuan ez hartzeko galdegin dio epaimahaiari. La Manada auziari erreferentzia egin dio Gonzalo Susaeta abokatuak ondorioen txostena aurkezteko orduan. Abokatuaren esanetan, auzi horretan gertatu bezala, kasu honetan ere "epaiketa mediatiko eta paraleloa" izan da. Hori dela eta, "Nafarroako Auzitegian gertatutakoarekin beldurrik ez izateko" eskatu die epaileei.

De Miguel auzia Euskadin ikertutako ustelkeria auzi handiena da. 26 pertsona daude inputatuta, tartean Arabako EAJko buruzagi ohiak. Fiskaltzak 29 urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du buruzagi jeltzale ohiarentzat, 20 delitu inguru leporatuta; eroskeria, prebarikazioa, derrigortzea edota diru publikoa bidegabe erabiltzea, besteak beste.

Susaetaren esanetan, De Miguel auziaren "abiapuntua epaiketa mediatiko eta paralelo bat izan da". "Instrukziotik bertatik ikusi dugu, ikerketa sekretupean zegoenetik. Prozesu horretan bereziki lagundu dute Legebiltzarrean egindako bi ikerketa batzordeek eta politikariek egindako mota guztietako adierazpen desegokiek", azaldu du.

"Goizero, bezperako saioan gertatutakoei buruzko iruzkin eta balorazio bitxi eta partzialak irakurtzen gosaltzen genuen. Hedabideentzat, politikarientzat —zein alderdiz ari garen gorabehera—, Twitterren aritzen den gizarte honentzat, nire bezeroak ustezko errudunak dira", azpimarratu du.

Horren aurrean, abokatuak esan du espero duela epaimahaiak "presio soziala" kontuan ez hartzea eta "beldurrik ez" izatea epaia emateko orduan. "Espero dut Nafarroako Auzitegian gertatutakoarekin beldurrik ez izatea eta epaia zigor auzietan lege diren arauak gogoan hartuta ematea. Gogoan izan ditzatela Zuzenbide estatuan herritarrek dituzten oinarrizko eskubideak", adierazi du.

Halaber, egozketa-froga baliogabe jotzea eskatu du; izan ere, Susaetaren ahotan, "zazpi hilabetez, instrukzioaren oinarri izan diren ebidentziak prozeduratik kanpo egon ziren, idazkari judizialaren zaintza eta kontroletik kanpo, alegia".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Araba Epaiketak Ustezko ustelkeria politikoa Eguneko albisteak Albisteak De Miguel Auzia