Politika -
Fernando Buesari omenaldia
Elkarbizitza berri baten beharra defendatuko du Buesaren alargunak
Politikari sozialista omenduko dute astearte honetan, Gasteizen. Hamaika urte bete dira ETAk Buesa eta Jorge Diez bizkartzaina hil zituenetik. Lehendakaria ekitaldian izango da.
Erredakzioa
Euskal herritarren arteko elkarbizitza berri bat eraiki behar dela defendatuko du Natividad Rodriguez Fernando Buesaren alargunak. Politikari sozialista omenduko dute bihar Gasteizen, izan ere, ETAk hil zuenetik hamaika urte bete dira.
Omenaldia 20:00etan hasiko da Gasteizko Antzoki Nagusian, Fernando Buesa Fundazioko iturriek jakitera eman dutenez. Patxi Lopez lehendakaria ekitaldian izango da.
Bestalde, Arabako sozialisten idazkari nagusi ohia eta Jorge Diez, haren bizkartzaina, gogoraraziko ditu PSEk 12:30ean, Gasteizko Askatasunaren Lorategietan. Bertan oroitarri bat dago, ETAren lehergailu batek biak hil zituen tokian.
"Elkarbizitza eraiki"
Lehen ekitaldia egin eta gero, Fernando Buesa Fundazioak antolatutako omenaldia egingo dute arratsaldean, "elkarbizitzaren eraikuntzan" oinarrituta. Lehen ekitaldi horretan, lehendakaria, ordezkari sozial eta politikoak, Natividad Rodriguez eta Jorge Diezen senitartekoak izango dira.
Era berean, Xabier Aguirre Arabako diputatu nagusia, Mikel Cabieces Gobernuko ordezkaria EAEn, Patxi Lazcoz Gasteizko alkatea, Juan Antonio Zarate eta Rafaela Romero Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak hurrenez hurren, Iñigo Lamarca Arartekoa, sailburuak eta legebiltzarkideak izango dira omenaldian.