Politika -

Omenaldia

Rodriguez: 'Egindako kaltea onartu behar dute intoleranteek'

"Egindakoa konpontzeko benetako borondatea azaldu behar dute intoleranteek", Buesaren alargunaren hitzetan. Goizean, agintari sozialista eta haren bizkartzaina gogorarazi ditu beste omenaldi batek.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Natividad Rodriguez Fernando Buesa politikari sozialistaren alargunaren ahotan, terrorismoaren biktimek urte asko daramatzate "elkarbizitza" eraikitzen eta orain "intoleranteek" egindako kaltea onartu eta "aldaketarako eta egindakoa konpontzeko benetako borondatea azaldu behar dute".

"Indarkeria terroristaren amaiera gertu egon daitekeelako itxaropentsu gaude gaur. Hala ere, amaiera lortzeko erak kezkatzen gaitu, eta baita euskal herritarren arteko elkarbizitza arazoak konpontzeko moduak ere", esan du Rodriguezek. "Aldaketa horiek ikusten ez baditugu eta iraganeko jarrera harroak eta oldarkorrak mantentzen badituzte, elkarbizitza horretan ongi sentitzea zaila izango da", ohartarazi du.

Gasteizko Antzoki Nagusian agintari sozialista eta haren bizkartzaina gogorarazteko ekitaldi bat egin du Fernando Buesa Fundazioak arratsaldean. Duela hamaika urte hil ziren, ETAk jarritako lehergailu batek eztanda egin ostean, Arabako hiriburuan.

Patxi Lopez lehendakaria, Mikel Cabieces Gobernuko ordezkaria EAEn, Xabier Aguirre Arabako diputatu nagusia, Juan Antonio Zarate Arabako Batzar Nagusietako presidentea, Paul Rios Lokarriko koordinatzailea eta legebiltzarkide batzuk ekitaldian izan dira.

Fundazioak urtero antolatzen du omenaldia, baina aurten aurrenekoz Aralarreko ordezkaritza bat ekitaldian izan da. Aintzane Ezenarro eta Mikel Basabe legebiltzarkideek parte hartu dute omenaldian. Era berean, ETAko biktimen elkarteetako ordezkariak eta senideak ekitaldian izan dira.

ETA "ahul" dagoela onartu du Buesaren alargunak eta "terroristen" espazioak txikiagoak izatea aintzat hartu du. Herritarrak "arriskurik gabe, askeago eta seguruago" direla esan du.

Lehendakaria

Biktimen oroimena eta "gertatutakoaren egia" aintzat hartuz Euskadi "eraiki" egingo dutela esan du gaur Patxi Lopez lehendakariak. Bide horretan "okerrik ez egitea" espero du Lopezek, gauzak "ondo" egin nahi dituelako.

ETAk orain 11 urte hil zituen Fernando Buesa sozialista eta bere bizkartzaina, Jorge Diez. Bien omenez ekitaldia egin dute Gasteizen.

Lehendakariak azpimarratu duenez, biktimen oroimena sustatzeko ekitaldiak egin behar dira. Haien omenez egindako monolitoak "etorkizunera begira alerta zantzuak" izango dira.

Horregatik, Euskadi "biktimen orimena" aintzat hartuz eraiki egingo dutela berretsi du Patxi Lopezek.

Egungo egoera politikoaz, egindako bidea ez ahazteko eskatu du lehendakariak. "Egoera berri hau lortzeko oinarriak mantentzeko" deitu du Patxi Lopezek. Bere ustez, "jarraitu beharreko gida" dira oinarri horiek.

Ezker abertzaleari buruz ere aritu da lehendakaria. "Egia dela erakuts dezaten nahi dut, egin nahi dutela, demokraziaren garaipena suposatuko duelako horrek", nabarmendu du.

Hala ere, ETAk eragindako " laztura" gogoratu behar dela esan du lehendakariak, "justizia, konponketa eta oroimen ekimenak direlako".

"ETAk ez dio Fernandori aro berri hau ikusten utzi, baina une hau berea ere bada, gurea den moduan", esan du.

Bizkartzainaren ama

Ondoren Begoña Elorzak hitz egin du (Jorge Diez bizkartzainaren ama). Historia zeinek idatziko duen galdetu du, eta "Jorge hil zutenek" historia ez idazteko lan egin behar dutela gaineratu du. "Ausardiaz, ezin dugu hori onartu", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea