Politika -
Katalunia
Espainiako Gobernuak Polizia bidaliko du Kataluniara, 'mossoek beren lana egin ezean'
Espainiako Gobernuaren iritzian, Esquadra Mossoek ez zuten nahikoa egin joan den asteburuan Kataluniako autobideetan izan ziren protestak ekiditeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Gobernuak Generalitateari ohartarazi dio Polizia Nazionala eta Guardia Zibila bidaliko dituela Kataluniara, Esquadra Mossoak "ordena publikoa bermatzen ez badu". Estatuko segurtasun indarrek "beharrizanaren arabera eta proportzionaltasunez" jardungo luketela ziurtatu du.
Joan den asteburuan, Kataluniako zenbait autobideetan Errepublikaren Defentsarako Batzordeek deituta protestak izan ziren eta zirkulazioa 15 bat orduz etenda egon zen. Errepide mozketa horien harira, Carmen Calvo Espainiako Gobernu presidenteordeak, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak eta Jose Luis Abalos Sustapen ministroak gutun bana igorri die Kataluniako agintariei.
Pere Aragones Kataluniako presidenteordeari bidalitako oharrean, Calvok dio "zantzu guztien arabera", Generalitateak ez dituela bere eginkizunak bete eta horrek ondorio ekonomiko eta sozialak izan dituela eta segurtasun publikoan eragin duela.
"Gure ardura da ordenamendu juridikoan balizko arau-hausterik izan bada egiaztatzea", adierazi du. Ildo horretan, Calvok iragarri du "ekintza zehatzak" ikertuko dituztela.
Miquel Buch Barne kontseilariari igorritako gutunean, Marlaskak dio autobideetan izan ziren protestekin "ordena publikoa eta bideko segurtasuna hautsi egin" zirela eta, "Esquadra Mossoak bertan izan arren", ez zutela arduraz jokatu.
Gauzak horrela, Generalitateari eskatu dio beharrezkoak neurriak har ditzala, mossoek "beren lana egin dezaten". Hala ez bada, Estatuko segurtasun indarrei Katalunian esku hartzeko agindu emango diela ohartarazi du Marlaskak.
Jose Luis Abalosek ere gogor kritikatu ditu protestak Damia Calvet Kataluniako Lurralde eta Jasangarritasun kontseilariari helarazitako mezuan.
Istilu horiek "Espainiaren eta Kataluniaren irudia kaltetu" dutela dio. "Espero dut halakorik ez dela berriro gertatuko, eta pertsonen eta merkantzien zirkulazio librea bermatuta egongo dela", gaineratu du.
"Ez da utzikeriarik izan"
Bestalde, Pere Aragones Generalitateko presidenteordeak ukatu egin du mossoek utzikeriaz jokatu zutela asteburu honetan Kataluniako autobideetan izan diren protestetan.
"Arratsalde honetan jaso dugu Espainiako Gobernuaren oharra eta idatziz erantzungo diogu, Esquadra Mossoak irizpide tekniko eta polizialen arabera jokatzen duela, eta ez egoera politikoaren arabera, azalduz", adierazi du RNE irratian gaur gauean egindako elkarrizketa batean.
Halaber, Aragonesen iritzian, oso adierazgarria da Pedro Sanchezek orain erabaki izana horrelako gutun bat bidaltzea Kataluniako Gobernuari, beste erkidego batzuetan antzeko gertakariak izan direnean. "Zergatik bidali du gaur gutuna eta ez zuen ezer esan udan taxilariek Madrilgo Castellana etorbidea moztu zutenean?", galdetu du.
Horrez gain, apirilean, 155. artikulua ezarri zutenean, izan ziren protestak ekarri ditu gogora eta ordukoak eta atzokoak alderatu dira. "Ez ziren antzekoak izan, ordukoak askoz handiagoak izan ziren. Orduan utzikeriarik izan bazen, atzokoan ere ez", azpimarratu du.