Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Lander Martinez: 'Aurrekontuak luzatzea izan da Jaurlaritzaren lehen aukera'

Elkarrekin Podemosen bozeramailearen ustez, EH Bilduren eta Jaurlaritzaren arteko 'poker partidak zerikusi gutxi du aurrekontu-politikarekin, eta asko hauteskunde-politikarekin'.

Lander Martinez, gaur Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EiTB
Lander Martinez.
Lander Martinez, gaur Radio Euskadiko estudioetan. Argazkia: EiTB

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko aurrekontu proiektuaren negoziazioaz luze eta zabal hitz egin du gaur Lander Martinez Elkarrekin Podemos taldeak Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak. Horren ustez, "iazko aurrekontuak luzatzea izan da hasieratik Eusko Jaurlaritzaren lehen aukera". Dena dela, ez du egoera hori ziurtzat jo, "oraindik gauza asko gerta daitezkeelako".

Lander Martinezek nabarmen duenez, "EH Bilduk nabarmen jaitsi du bere eskakizunen maila, baliteke azken aukera erabateko likidazioan amaitzea eta akordioa jatorrizko aurrekontuen oso antzekoa izatea".  Martinezen ahotan, EH Bilduren eta Jaurlaritzaren arteko "poker partidak zerikusi gutxi du aurrekontu-politikarekin, eta asko hauteskunde-politikarekin, batez ere Gipuzkoan".

Elkarrekin Podemosek egindako aurrekontu-proposamenaren harira Jaurlaritzak egindako kritikak hizpide, Martinezek esan du ez dutela "kalkulagailu berdina". "Ilusionismo politikoa da aurrekontuak amore eman gabe adostu ahal direla. Gobernuak esparru ekonomikoa aitzakia gisa erabiltzea erabaki du, baina egiaz arrazoi politikoengatik baztertu du gure proposamena", argudiatu du koalizio moreko kideak.

Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan ustez izan diren irregulartasunei buruz ere galdetu diote Elkarrekin Podemosen eledunari. Legebiltzarrak gaurko saioan Jon Darpon Osasun sailburua gaitzetsiko duelakoan dago Martinez: "Argi geratu behar da Darponek kudeaketa negargarria egin duela eta hartutako neurriak makillaje saio bat baino ez direla izan". Izan ere, Martinezen aburuz, Osakidetzako zuzendariaren dimisioa sailburua "babesteko trikimailua" izan da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia albisteak EH Bildu Gipuzkoa Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Euskadiko Podemos-eko albisteak Sumar Mugimenduaren diputatua Euskadiko Aurrekontuak 2024