Politika -
NAFARROA
Nafarroako barometroa: Laukoak gehiengoa galduko luke
Parlamentuak agindutako barometroaren arabera, UPNk 15 aulki lortuko lituzke; Geroa Baik, 10; PSNk, 9; EH Bilduk, 8; Ahal Duguk, 3; Ciudadanosek, 3 eta Izquierda-Ezkerrak, 2.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Gobernua sustengatzen duen laukoak (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra) gehiengo galduko luke orain hauteskundeak egingo balira, Nafarroako Parlamentuak agindutako barometroaren arabera. Bestalde, Ciudadanos alderdia Nafarroako Parlamentuan sartuko litzateke lehen aldiz.
UPN izango litzateke alderdi bozkatuena 15 eserlekurekin, hots, gaur egun dituenak mantenduko lituzke. Geroa Bai litzateke bigarren indarra 10 ordezkarirekin (bat gehiago). Horien atzetik, PSNk bi eserleku irabazi eta eta 9 lortuko lituzke, EH Bilduk gaur egun dituen 8 eserlekuei eutsiko lieke, Ahal Duguk 4 aulki galdu eta 3 eskuratuko lituzke, Ciudadanosek bere estreinaldian 3 ordezkari izango lituzke eta Izquierda - Ezkerrak (I-E), ostera, oraingo biei eutsiko lieke.
Oraingo Parlamentuarekin alderatuta, PP kanpoan geldituko litzateke. Bestalde, laukoak hiru eserlekura izango luke gehiengoa. Gaur egun laukoak 26 aulki ditu eta oposizioak, 24. Beraz, oraingo formulak ez luke balioko.
Atzo, Gizaker inkesta-etxeak EiTBrentzat egindako boto-asmoari buruzko EiTB Focus inkesta argitaratu zuen. Hala, lauko gobernua berriro osatuko balitz, 29 jarleku izango lituzke, 2015ean baino bi gehiago (25 behar dira gehiengoa izateko).
EiTB Focusen arabera, Geroa Baik igoera nabarmena izango luke Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan. Bederatzi eserleku izatetik 13 izatera pasatuko litzateke. UPNk, aldiz, bi ordezkari galduko lituzke, eta 13 ordezkarirekin geratuko litzateke.
EH Bilduk 2015ean erdietsitako zortziak lortuko lituzke berriro, eta PSNk bi gutxiago izango lituzke (bost parlamentari).
Izquierda-Ezkerra (I-E) izango litzateke laugarren indarra, Ahal Dugu Nafarroari boto-portzentajean aurrea hartuta baina eserleku kopuru berarekin (4). Koalizio moreak hiru jarleku galduko lituzke, 7tik 4ra jaitsita.
PPk 2015ean lortutako ordezkaritza (2 parlamentari) galduko luke, Ciudadanosen mesedetan (hiru ordezkari lortuko lituzke Albert Riveraren alderdiak).