Politika -
Balantzea
Alderdien helburua 'ETAren amaiera' dela egiaztatu du lehendakariak
Patxi Lopezek, bestalde, errefusatu egin du alderdien mahai bat eratzea, izan ere, "ETAk bere helburu politikoak lortzeko egiten duen aldarrikapen zahar bat da hori".
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak esan du alderdi politikoen helburu nagusia "ETAren eta terrorismoaren amaiera lortzea" dela, hori egiaztatu ahal izan duela azkenaldian euskal alderdi politikoekin egin dituen bileretan.
Patxi Lopezek prentsaurrekoa eman du Lehendakaritzan euskal alderdiekin (Legebiltzarrean ordezkariak dituztenekin) egindako bilera-sortaren balantzea egiteko. Sorturen aurkezpenaren ondoren, egungo testuinguru politikoaz hitz egiteko bildu da alderdi politikoekin.
Lehendakariak azaldu duenez, alderdi politikoek ikuspuntu desberdinak dituzte gai batzuen inguruan, baina "erabateko adostasuna" omendago puntu batean: lehentasun nagusia "ETAren eta terrorismoaren amaiera lehenbailehen lortzea" dela.
Errefusatu egin du alderdien mahai bat eratzea, izan ere, "ETAren aldarrikapen zahar bat da hori". Lehendakariaren esanetan, erakundeak eta Legebiltzarra dira Euskal Herriaren etorkizunaren inguruan eztabaidatzeko lekua.
Horren harira, Sortu legezkoa bada haiekin ere bilduko dela iragarri du.
Lehendakariak berretsi du "zero tolerantzia" politika izan dela egungo egoera ekarri duena, baina ohartarazi du oraindik ez direla "helmugara" iritsi. "Terrorismoaren kontrako borroka eta totalitarismoan oinarritutako planteamenduen kontra irabazle bakarra egon daiteke: demokrazia eta herritarren askatasuna", azpimarratu du.
Patxi Lopezen esanetan, demokratak ez dira ETA betiko desagertu arte konformatuko eta ezker abertzaleari "hasitako bidea" amaitzeko eta "urtetan egindako engainuen ondorioz eragindako konfiantza eza argitzeko" eskatu dio.
Lehendakariak uste du euskal gizartearen konfiantza berreskuratzeko ezker abertzaleak "ekintza argiekin" erakutsi behar duela "iragana utzi duela, eta indarkeria betiko baztertu duela".
Sortu
Sorturen etorkizunaren inguruan, lehendakariak gogorarazi du auzitegiak izan zirela Batasuna legez kanporatu zutenak eta orain ere Justizia izan behar dela Sortuk legeak betetzen dituen ala ez erabaki behar duena.
Kazetarien galderei erantzunez, Patxi Lopezek aitortu du Sortu bilera-sortaren barruan sartuko duela legezkoa dela ebazten badute, izan ere, berak ez omen dio inoiz alderdi legal batekin biltzeari uko egingo.
Bilera gehiago
Etorkizunari begira, lehendakariak esan du bilera horiek euskal gizartearen elkarbizitza ona sustatzera bideratu behar direla, justiziaren printzipioetan oinarrituta, "egindako kaltea onartzeko".
Lehendakariak biktimen elkarteek Sorturen legeztatzearen kontra deitu duten manifestazioa ere izan du hizpide eta haien "ikuspuntua desegokia" dela iritzi dio, Sorturi buruzko erabakia auzitegiek dutelako.