Politika -
AGINTALDIAREN BALANTZEA
Sanchezek 'egonkortasuna' eta Konstituzioari 'begirada zabala' ematea defendatu ditu
Bestalde, Gernikako Estatutua betetzeko konpromisoa duela berretsi du Pedro Sanchezek, baina ez du argitu eskualdatu gabe dauden transferentzien egutegia noizko izango duten amaituta.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bere gobernuaren lana aldarrikatu du oposizioaren aurrean. Haren esanetan, bere Gobernuak "egonkortasuna" eskaintzen du, oposizioak, ostera, "anabasa". Halaber, Espainiako Konstituzioari "begirada zabala" ematea defendatu du.
Sanchez buru duen PSOEren Gobernuak urteko azken Ministroen Kontseilua egin du gaur goizean, eta ondoren presidenteak bere urte erdiko agintaldiaren balorazioa egin du.
"Gobernuak Konstituzioaren begirada zabala egiten du, ez itxia. Konstituzioa ez da ideologia baten edo alderdi baten ondarea, Espainia osatzen dugun gizon eta emakume guztiona baizik", adierazi du Sanchezek. 2019ari begira, sinetsita dago Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioa irabazteak eragin duen aldaketa "sendotu" egingo dela.
Sanchezek azpimarratu duenez, bere Gobernuak zazpi hilabetean PPk zazpi urtean baino lan gehiago egin du justizia sozialaren, modernizazio ekonomikoaren eta birsortze politikoaren alde. Gaineratu duenez, Diputatuen Kongresuak Rajoy kendu eta bera presidente izendatu ostean "birsortze demokratikoaren eta egonkortasun sozial eta ekonomikoaren garai berri bat" zabaldu zen Espainian.
Zentsura mozioan lorturiko garaipenak "osasun demokratikoa eta marko konstituzionalaren heldutasuna" irudikatu zituen. Horrez gain, bere proiektu "progresista, europazalea, feminista, elkarbizitzaren aldekoa eta lurralde kohesioa indartzekoaren aldekoa" aletu ditu.
Espainiako Gobernuko presidentearen iritziz, zentsura mozioa aurrera atera izana "demokrazia birsortzeko pizgarri" izan da. Bestalde, bere gobernuak Parlamentuarekin agintzen duela nabarmendu du eta ez alderantziz, haren esanetan, lehen gertatzen zen bezala.
Eskualdatu gabeko transferentzien egutegia
Bestalde, oraindik Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatu gabe dauden transferentzien egutegia Lurralde Politikako Ministerioak "datozen hilabeteetan" amaitzea espero duela iragarri du Pedro Sanchezek.
Eusko Legebiltzarrak transferentzien eskualdatzea gauzatzeko egutegi bat zehaztea eskatu zion Espainiako Gobernuari. Ildo horretan, Meritxell Batet Lurralde Politikako ministroak eskualdatze gehiago egiteko egutegia "urtea amaitu baino lehen" itxita egon zitekeela esan zuen.
Alabaina, gaur bestelakoa esan du Sanchezek: "Gure bokazioa oraindik zintzilik dauden eskumenak eskualdatzeko egutegia egitea da. Datozen hilabeteetan burutzea espero dugu".
Atzo, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea itxaropentsu agertu zen, Euskadiri dagozkion eskumenen egutegia urtea amaitu orduko jasoko duelakoan. Halere, azken egunotan Lurralde Politikako Ministerioarekin harremanik izan ez duela onartu zuen.