Politika -
KATALUNIA
U-1eko auziko epaileak ikertu gisa deitu ditu TV3 eta Catalunya Radioko zuzendariak
Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiko epaileak urtarrilaren 23rako deitu ditu Vicent Sanchis eta Saul Gordillo, 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren harira irekitako auziaren baitan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko urriaren 1eko erreferendumaren harira irekitako auziaren baitan, Bartzelonako 13. Instrukzio Epaitegiko epaileak TV3 eta Catalunya Radioko zuzendariak, Vicent Sanchis eta Saul Gordillo, hurrenez hurren, ikertu gisa deklaratzera deitu ditu urtarrilaren 23an. Halaber, egun berean deklaratzera deitu du Kataluniako Datuen Babeserako Agintaritzako zuzendari den Angels Barbera ere.
Abenduaren 20ko data duen probidentziak, ostera, ez du zehazten hiru pertsona horiek zergatik ikertzen ari diren.
Idatzian magistratuak dioenez, ikertuek abokatuaz lagunduta joan beharko dute epaitegira. Osterantzean, hilaren 13a baino lehen jakinarazi beharko diote epaitegiari eta ofiziozko abokatua izendatuko diete.
Auzi honen beraren baitan ikertu gisa deklaratu behar izan zuen Nuria Llorach Kataluniako Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioko (CCMA) presidenteak ere. Kasu horretan, urriaren 1eko erreferendumaren harira hedabide publikoetan zabaldutako iragarkiengatik.
Guardia Zibilak lekuko gisa galdekatu zuen CCMAko presidentea. Horrez gain, instrukzioko epaileak ere itaundu zuen 2017ko urriaren 1eko erreferenduma bultzatzeko kanpainaren harira.
Lekuko gisa egin zuen deklarazioan azpimarratu zuenez, TV3 telebista kateak eta Catalunya Radiok Kataluniako Parlamentuko legeari jarraikiz zabaldu zituzten U-1eko iragarki instituzionalak.