Politika -
Bi urte Jaurlaritzan
Gizartearen 'erronka nagusiei' heltzeko exijitu dio Aralarrek Lopezi
Patxi Lopez lehendakaritzara heldu zenetik bi urte bete direnean, eguneroko "gestioa" besterik ez duela betetzen esan du Ezenarrok.
Erredakzioa
Patxi Lopez lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegoak dituen "erronka nagusiei" ez diela aurre egin azpimarratu du Aintzane Ezenarro Eusko Legebiltzarreko ordezkariak. Tartean, ETAren amaiera "ordenatuaren inguruko eztabaida" aipatu du Ezenarrok.
Legebiltzarrean berdintasun politikaren inguruko bi ekimen aurkeztu ditu gaur Aralarrek. Patxi Lopez lehendakaritzara heldu zenetik bi urte bete direnean, eguneroko "gestioa" besterik ez duela betetzen esan du Ezenarrok. "Ausardia" exijitu dio Aralarrek Jaurlaritzako buruari.
Bakegintzan "lidergoa" hartu ez duela leporatu dio Ezenarrok Lopezi. Zentzu honetan, euskal gizarteak dituen "erronka nagusiei" heltzeko eskatu dio lehendakariari.
"Indarkeriaren amaiera ordenatuari" ez diola heldu gogor kritikatu du Aralarrek, "bakerako itxaropenak inoiz baino indartsuagoak diren une honetan".
Bestalde, Aralarrek ez du uste atzoko Bizkaiko atxiloketak "aukera berezia direnik" Sorturi gaitzespena eskatzeko.
Bere ustez, Sortuk "argi eta garbi" egin du indarkeriaren aurka, ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuetan.