Politika -
Terrorismoaren aurkako borroka
Gerra zikina eta negoziaketa arbuiatu ditu Eusko Legebiltzarrak
Hasiera batean, Aralarren ekimena zen, baina UPyDk zuzenketa aurkeztu du. Horrela, ebazpena Gorka Maneiro legebiltzarkidearen (UPyD), PSEren eta PPren aldeko botoekin aurrera atera da.
Erredakzioa
Terrorismoarekin bukatzeko "gerra zikinaren" baliabidea erabiltzea guztiz arbuiatu du Eusko Legebiltzarrak, gaur onartutako ebazpen baten bidez. Era berean, "terroristekin elkarrizketa edo negoziaketa politikoa" erabiltzea baztertu du Gasteizko Ganberak.
Hasiera batean, Aralarren ekimena zen, baina UPyDk zuzenketa aurkeztu du. Horrela, ebazpena Gorka Maneiro legebiltzarkidearen (UPyD), PSEren eta PPren aldeko botoekin aurrera atera da. Gainerako talde politikoek ebazpenaren aurka bozkatu dute.
"Terrorismoaren aurka borroka egiteko bide bakarra Zuzenbidezko Estatua da", adierazi du Legebiltzarrak akordioan. Ondorioz, "beste edozein bide" baztertu du Ganberak.Zentzu horretan, "terrorismoarekin bukatzeko" bidean "zilegia ez den indarkeria" erabiltzea eta terroristekin negoziazio politikoa izatea "etikoki baztertu behar diren ildoak" direla adierazi du.
Felipe Gonzalezen adierazpenak
Adostutako testua Aralarrek aurkeztutako proposamen bati egindako osoko zuzenketa izan da. Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak egunkari batean ETAri buruz egindako adierazpenen inguruko ekimena izan da Aralarrek defendatutakoa.
Hala ere, bertan behera gelditu da, eta PSEk, PPk eta UPyDk aurkeztutako zuzenketa adostu egin dute. Felipe Gonzalezen adierazpenek "Estatuko terrorismoa justifikatu" egiten zutela uste du Aralarrek. "ETAren aurkako gerra zikina zilegi egin zuen Gonzalezek", Ezenarroren esanetan.