Politika -
Auzitegira joko du
Urchueguiak salaketa jarriko du bere aurkako informazio faltsuengatik
Txilen eta Perun Jaurlaritzak duen ordezkari eta Lasarte-Oriako alkate ohiak Somoton (Nikaragua) ustez dituen jabetza batzuen inguruko informazioak gezurra direla salatuko du.
Erredakzioa
Ana Urchueguia Jaurlaritzak Txilen eta Perun duen ordezkari eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) alkate ohiak salaketa jarriko du Noticias Taldearen kontra Somoto (Nikaragua) herriarekin dituen ustezko harremanen inguruan argitaratu dituen informazioengatik.
Patxi Lopez lehendakariak Andoni Ortuzar EAJren legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez iragarri du Urchueguiak hartu duen erabakia.
Izan ere, Noticias Taldeak azken asteotan Lasarte-Oriako alkate ohiari buruzko zenbait informazio argitaratu ditu. Udalak diruz laguntzen zuen Gobernuz Kanpoko Erakunde bati milioi bat metro koadroko lur-sail bat erosi ziola argitaratu zuen talde editorial horrek.
Egunkari horien arabera, Jaurlaritzaren Txileko eta Peruko ordezkariak bost higiezinen jabetza du Somoton, Lasarte-Oriak diruz laguntzen duen herrian, eta diru horien izapideak aztertzeko udal-batzorde bat eratu zen 2009ko abenduan.
Ortuzarren esanetan, egunkari horiek argitaratutako informazioek "telesail batekoak dirudite" eta Somotoko herritarrek Urchueguia "erregina bat bezala ikusten dute".
Kritika horien aurrean, lehendakariak azpimarratu du Urchueguiaren jardueran ez dagoela "ekintza ilegalik edo ardura politikorik". Gainera, Lasarte-Oriako Udalak ematen zituen laguntzetan Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak irregulartasunik ez zuela atzeman gogorarazi du.
Gainera, Urchueguiak Kanpo Ekintzarako Idazkaritza Nagusiari Noticias Taldearen kontrako salaketa jarriko duela jakinarazi dio.
Lehendakariak Noticias Taldeak "nahita gezurrak esan" dituela uste du: "Elkarrizketa faltsuak argitaratu dituzte, informazio horietan agertzen diren pertsonei engainatu egin zieten eta Urchueguiaren kontrako deklarazioak erosten saiatu ziren", berretsi du.