Politika -

Ustezko erasoa

Guardiako zinegotzi bat ikertzen ari dira haren okindegian izandako suteagatik

Ciudadanosek Araban duen zinegotzi bakarrak gozogintza lantegi horren aurkako sabotajean parte hartu zuela jakin dute, segurtasun kamera bati esker. Zinegotziak, baina, sutea eragin izana ukatu du.

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren amaieran Guardiako okindegi batean piztutako sutea lantegi horretako jabeak nahita eragindakoa izan ote zen ikertzen dabil Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegia. Hasiera batean, erasoak "kutsu politikoa" zuela erakutsi nahi izan zuen Araban Ciudadanosek lortu zuen zinegotzi bakarrak, baina badirudi salaketa faltsua egin zuela.

Urriaren 26an jazo zen ezbeharra. Egun horretan, okindegi bateko gozogintza lantegian sutea gertatu zen. Ertzaintzak gasolina bidoiak eta mehatxuzko pintadak aurkitu zituen barruan. Horietako batean "Hil zaitez, faxista" irakur zitekeen. Gauzak horrela, okinaren aurkako ustezko erasoaren gaineko ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak.

2015eko hauteskundeetan Ciudadanoseko zerrendetan aurkeztu zen zinegotzi hori, baina gaur egun talde mistoko ordezkari da.

Ikerketak aurrera egin ahala, Ertzaintzak zinegotzia bera salatu zuen, erasoa nahita eragindakoa izan omen zelako. Radio Euskadik jakin ahal izan duenez, delituaren itxura egiteagatik ari dira ikertzen Guardiako zinegotzia.

Dirudienez, segurtasun kamera baten grabazioari esker jakin dute zinegotziak berak sabotajean parte hartu zuela, nahiz eta akusatuak ez duen egindakoa onartu.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Ciudadanos Eguneko albisteak Guardia Albisteak