Politika -
Araba
Sute batengatik ikerketapean dagoen Guardiako zinegotzia kargugabetu dute
Jose Antonio Mateo zinegotziaren errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu dute Libres por Euskadi alderdiaren arduradunek. Gozogintza tailerrean ustez sutea eragiteagatik ikertzen ari dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gozogintza tailerrean ustez sutea eragiteagatik Ertzaintza ikertzen dabilen Jose Antonio Mateo Laguardiako (Araba) zinegotzia kargugabetu du Libres por Euskadi (LxE) alderdi politiko berriak. Ondorioz, prozesu judiziala amaitu arte gutxienez, zinegotzi izateari utziko dio Mateok, eta datozen udal hauteskundeetan ez da LxE alderdiaren hautagaia izango.
LxE alderdiaren arduradunak Gasteizen bildu dira igande honetan, eta eskainitako prentsaurrekoan zinegotziaren errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu dute. "Errespetu osoa diegu Ertzaintzari eta auzia daraman epaitegiari, baita Jose Antonio Mateori berari ere, errugabea dela diolako", adierazi dute LxEko buruzagiek.
Guardiako Udalera atxiki gabeko zinegotzia da Mateo. Izan ere, duela bi urte Ciudadanos alderdia utzi zuen Libres por Euskadi taldean sartzeko. Gaur arte, hurrengo hauteskundeetan alderdi horren alkatetzarako hautagaia zen.
Ikerketa, abian
Urriaren 26an Guardiako okindegi bateko gozogintza tailerrean piztutako suteagatik ikerketa abiatu zuen Ertzaintzak, lantegi horretako jabea susmagarri nagusia izanda. Gainera, sutearen egun berean bere lantegian agertutako mehatxuzko pintadak ere salatu zituen Mateok. Horietako batean "Hil zaitez, faxista" irakur zitekeen.
Jose Antonio Mateok ukatu egin du sabotajean parte hartu izana, eta haren abokatuak adierazi du Gasteizko 2. Instrukzio Epaitegiaren esku utzi zutela ikerketa. Gainera, zehaztu du oraingoz ez duela Mateo sabotaje horretan nahasten duen frogarik jaso.
"Nik dakidala adituen txostenek ez dute Mateok sutea eragin zuenik esan, eta, oraingoz, ez dago bide horretara zuzentzen duen frogarik ere", azaldu du abokatuak.