Politika -

Atxiloketak Iparraldean

Frantziako Poliziak Gregorio Jimenez ETAko kide historikoa atxilotu du

Ikertzaileek uste dute Jose Maria Aznarren aurka atentatua saiatzeko helburuz misil batzuk garraiatu zituen talde bateko kide izan zela. Ibai Agirrebarrena ere atzeman dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako Poliziak Gregorio Jimenez Morales El Pistolas ETAko kide historikoa atxilotu du astearte honetan Iparraldean, Bidaxune herrian, terrorismoaren aurkako borrokaren iturriak aipatuta informazio agentziek jakinarazi dutenez.

Gregorio Jimenez ihes eginda zegoen 2005 urtetik, eta Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidentearen aurka atentatua egiteko helburuz misil batzuk garraiatu zituen talde bateko kidea izatea egozten diote.

Joseba Agirrebarrena Ruiz de la Cuesta, Tarzan, ETAko kide ohiaren etxebizitzan atzeman dute. Izan ere, aldez aurretik, Agirrebarrenaren semea, Ibai, atxilotu dute, turismo guneen aurkako eraso batzuekin lotura izatea egotzita, eta aipatu etxea miatzera joan direnean, Gregorio Jimenez topatu dute bertan.

''El Pistolas'' 56 urtekoa da eta Tolosan (Gipuzkoa) jaio zen. 1981ean, ETAren Andatza taldean sartu zen, baina handik eta urtebetera, Poliziak desegin zuenean, Frantziara ihes egin zuen. Ondoren Iberoamerikara joan zen, eta han hainbat talde iraultzailerekin kolaboratu zuen.

Costa Rican atxilotu zuten, Eden Pastora Fronte Sandinistako kide ohiaren auka atentatua egiten saiatzea egotzita.

1986ko maiatzean espainiaratu egin zuten, eta handik eta urtebetera 13 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, hiru terrorismo-delitu egotzita. 1997an geratu zen aske, zigorra bete ostean. Barne Ministerioak uste du 2001 urtean berriz sartu zela ETAn, eta 2006an ihes egin zuela Frantziara zuzendaritza militarrarekin bat egiteko.

Urte horretan, aipatu iturrien arabera, Jose Maria Aznarren aurka atentatua egiteko misilak garraiatu zituen talde bateko kide zen. Dena dela, uste dute gaur egun ez zela ETAren zuzendaritzako kidea.

Ibai Agirrebarrena Baionan (Lapurdi) atxilotu dute. 2009ko ekainean ere atzeman zuten, beste hamaika lagunekin batera, Iparraldeko turismo guneen aurkako kale erasoekin zerikusia izatea leporatuta. 2010 maiatzean utzi zuten aske kontrol judizialpean.

Beste ETAko ustezko kide bat espainiaratu egin dute

Bestalde, Iñigo Ripoll Estarta ETAko ustezko kidea Frantziatik Espainiara ekarri du gaur Polizia Nazionalak. Banda armatuko kide izatea egotzita euroagindu bat igorri zuten.

Iñigo Ripoll Estarta 1975eko abuztuaren 3an jaio zen Bilbon eta 2006ko urtarrilaren 28an atxilotu zuten Frantziako hegoaldean, Urtzi Gainza Salinasekin batera. Biak ihes egiten saiatzen ari ziren istripu bat izan eta gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea