Politika -

Atxiloketak Bizkaian

Salatutako sexu abusuak eta tratu txarrak ikertzea eskatu du Aralarrek

Fiskaltzak ETAko 'Otazua' taldeko ustezko lau kideek salatutako eraso sexualak eta tratu txarrak iker ditzala eskatu du gaur Aralarrek Eusko Legebiltzarrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak ETAko ''Otazua'' taldeko ustezko lau kideek salatutako eraso sexualak eta tratu txarrak iker ditzala eskatu du gaur Aralarrek Eusko Legebiltzarrean.

Ohar batean azaldu dutenez, Aralarrek ekimena aurkeztu du Legebiltzarrean dagoeneko, Fiskaltzari eska diezaion "iker ditzala Beatriz Etxebarriak egin duen eraso sexualen salaketa eta gainontzeko atxilotuek egin dituzten tratu txar eta mehatxuen salaketak”.

Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok ekimenean adierazi duenez, “salaketa horiek ezinbestean eta behar duten berme guztiekin ikertuak izan behar dira”. Hala, Ezenarrok gogora ekarri du, 2010eko abenduaren 1ean Gobernuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuen “Motibazio politikoko indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketa eta beste sufrimendu bidegabeak jasan dituzten biktimei buruzko” txostenean, “argi adierazten da espainiar estatuan ez direla behar bezala ikertuak izan tortura salaketak".

Era berean, ekimenean jasotzen denez, “martxoaren 8an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia zigortu zuen Aritz Beristain Ukarrik salatutako torturak behar bezala ez ikertzeagatik”.

“Horregatik, Beatriz Etxebarriak salatutako sexu erasoa eta gainontzeko atxilotuek salatutako mehatxu eta tratu txarrak ikertzea ezinbestekoa da, are gehiago, iraganean izandako hutsegiteak gainditu nahi baldin badira eta demokrazian eta giza eskubideen bermean sakondu”, dio Ezenarrok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea