Politika -
Erantzuna PPri
Aurreko lehendakariek ETAren kontra eginiko lana goraipatu du Urkulluk
EAJren presidenteak gogor kritikatu ditu Basagoitiren hitzak, Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariek ETAren kontra egin zuten lana "zalantzan" jarri zuelako.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak "gaitzetsi" egin ditu Antonio Basagoiti PPren EAEko presidenteak Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariek "ETAren kontra zuten konpromisoa zalantzan jarri izana".
ETAk Patxi Lopez lehendakaria hil nahi izan zuela jakin ondoren, Basagoitik esan zuen aurreko lehendakariak ez zeudela "ETAren jo puntuan, ez zutelako haren kontra behar zen guztia egiten".
Blogean argitaratu duen artikulu batean, Urkulluk elkartasuna adierazi dio Patxi Lopezi eta indarkeriaren kontra duen konpromisoa berretsi du.
"Gaitzetsi egiten ditut ETA babesten dutenak. Baina baita politika egiteko ETA behar dutenak ere", idatzi du Urkulluk. Buruzagi jeltzaleak galdera bota du, ea "hori den Antonio Basagoitiri gertatzen zaiona" edo momentu hartan "ahoa berotu zitzaion".
Haren esanetan, Basagoitik "nahita" egin zituen adierazpen horiek eta "zalantzan jarri zuen" aurreko lehendakariek "ETAren kontra zuten konpromisoa", eta hori "nazkagarria" omen da.
Urkulluk esan du "atsekabetu" egin zuela adierazpen horiek entzuteak eta ez dagozkiola "arduradun politiko bati".