Politika -
Bilera enbaxadorearekin
Miamin, San Franciscon eta Idahon bulegoak zabalduko ditu Jaurlaritzak
Lehendakaria Alan Solomont AEBetako enbaxadorearekin bildu da. Solomontek Euskadi bisitatu zuen iragan ekainean, ondorioz, bigarren bilera dute.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak New Yorken duen bulegoa indartu eta Miamin, San Franciscon eta Idahon berriak zabaldu nahi dituela jakitera eman dio gaur Patxi Lopez lehendakariak Alan Solomont AEBetako enbaxadoreari, Gasteizko Exekutiboak jakitera eman duenez. Filadelfian beste ordezkaritza bat du dagoeneko Jaurlaritzak.Lopez enbaxadorearekin bildu da eguerdian, Lehendakaritzan. Solomontek Euskadi bisitatu zuen iragan ekainean, ondorioz, bigarren bilera dute.
Euskadiko egoera mintzagai izan dute lehendakariak eta enbaxadoreak. AEBetako ekialdeko kostaldean euskal enpresen presentzia indartzeko datorren udazkenean bidai ofiziala egingo du lehendakariak eta Solomontek lankidetza eskaini dio Lopezi bidaia antolatzeko.
Pennsylvania (Filadelfia), Massachussets (Boston), New York eta Washington bisitatuko ditu lehendakariak, eta energia berriztagarrietan, automobilgintzan, auto elektrikoaren garapenean eta turismo eta industriako ikerketa aplikatuan sakonduko du EAEko agintariak. Euskadi bisitatzen duten turisten % 16 AEBetatik eta Kanadatik datoz.
''2011 ordu gorrotoaren aurka''
Era berean, AEBetako Estatu Departamenduak abian jarritako ''2011 ordu gorrotoaren aurka'' kanpainak pizten dion interesa azpimarratu du lehendakariak. Kanpaina horrek tolerantzia ezari aurre egiteko eta errespetua sustatzeko helburua dauka kultura, erlijio, arraza, gizarte-maila, genero edo sexu joera guztien gainetik.
Hillary Clintonek sustatutako ekimen hori Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Demokratikoaren planarekin bat datorrela uste du Lopezek.
Bestalde, Euskadiko unibertsitate sistemarengatik interesa azaldu du Salomontek.