Politika -

Transferentzien esku aldaketa

Espetxeetako transferentziak presoen hurbilketa ekarriko duela uste du EH Bilduk

Koalizio abertzalearen esanetan, Hegoaldeko espetxeetan bete ahal izango dituzte beren zigorrak sustraitze edo erroldatuak dauden presoak.

Basauriko espetxearen kanpoaldea. ETBren bideo batetik ateratako argazkia
Basauriko espetxearen kanpoaldea
Basauriko espetxearen kanpoaldea. ETBren bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espetxeetako eskumenen transferentziak presoen hurbilketa ekarriko duela uste du EH Bilduk. Koalizio abertzalearen esanetan, Hegoaldeko espetxeetan bete ahal izango dituzte beren zigorrak sustraitze edo erroldatuak dauden presoak.

Julen Arzuaga eta Jone Goirizelaia koalizioko legebiltzarkideek transferentzien inguruan berba egin dute ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzak 33 transferentzia negoziatzeko egutegia jaso ostean.

Espetxeetako sistemaren negoziazioa ez dago lehentasunezko gaien artean; hori dela eta, ez dute uztailera arte jorratuko eta balizko akordioa ez litzateke 2020ko urtarrilera arte helduko.

Arzuagaren esanetan, egutegi hori "onartezina" da, espetxeetako eskumena legealdia bukatu aurretik ez baitute transferituko; eta, hortaz, "porrot" egingo duela esan du, PSOEk hori negoziatzeko "borondate eza" baitauka.

Bestalde, espetxeen transferentziaren harira, terrorismoaren biktimen elkarteen eta PPren jarrera salatu du Arzuagak, horren aurka baitaude. Hori horrela, espetxeetako konpetentziaren nondik norakoak jorratzeko Eusko Legebiltzarrean saio monografikoa egitea proposatu du.

Ildo horretan, espetxeetako transferentziari esker "aldaketa handiak egin eta erabaki garrantzitsuak hartu daitezkeela" esan du Goirizelaiak.

ETAko presoen zigorrengan espetxeetako transferentziak izango lukeen eraginagatik galdetuta, Goirizelaiak esan du sustraitze edo erroldatuak dauden presoak hegoaldean bete ahal izango dituztela beren zigorrak, "Legeak dioena zuzenean aplikatuko baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak EAEko Autonomia Estatutua