Politika -

Agiria

Sortuk errefusatu egin du lehendakariaren aurkako atentatu saiakera

Alderdi abertzaleak "aurreko astean Gasteizen eta Portugaleten izaniko indarkeria eta mehatxu ekintzak" ere errefusatu ditu, hots kale-erasoak eta PPko hautagai batek jaso zituen mehatxuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortuk errefusatu egin ditu gaur Patxi Lopez lehendakariaren aurkako atentatu saiakera eta azken egunetan jakin izan diren ETAren gainerako "ihardueren planifikazioak".

Agiri batean, alderdi abertzaleak zera adierazi du, hitzez hitz: " Zuzenbidezko estatu batean oinarri den hiritar ororen errugabetasun presuntzioaren errespetua kontuan izanik, eta hainbat hedabideetan agerturiko ustezko eta balizko bortxa ekintzak burutzea helburu luketen ihardueren planifikazioak direla eta, horien artean Patxi Lopez lehendakariaren aurkakoa, berretsi egin nahi dugu ezein bortxarekiko gure aurkakotasuna".

Halaber, "edozein delarik ere egilea", aurreko astean "Gasteizen eta Portugaleten izaniko indarkeria eta mehatxu ekintzak" ere errefusatu ditu, hau da, Arabako hiriburuan izandako ''kale borroka'' ekintzak eta Portugaleten Juan Carlos Castaño PPko alkategaiak jasotako mehatxuak.

"Azken tortura kasu larrien eta militante independentisten aurkako jazarpen politiko eta judizialaren jarraipena" ere kritikatu du, eta "Amnistia Internacional edota Nazio Batuen Erakundetik atxiloaldi inkomunikatuaren amaiera exijitzen duten deiekin bat egiten dugu".

Alberdi berriak azpimarratu du "indarkeria ororen desagerpenari, ETArena ere espreski, gure ekarpena egin nahi diogula", "inoiz inork ez dezan indarkeria erabili proiektu eta ideien politikoen defentsan".

"Haustura iraganarekin"

Sortuk berretsi du "iraganeko erakundeekin hautsi" egiten duela, ez baitie jarraipena egiten.

Hori horrela, alderdi abertzale berriak ez du ulertzen "Sortu erregistratzea ekiditeko Barne Ministerioaren jarrera, ez eta Alderdi Politikoen Erregistroan izen emateko eta ondoriozko legeztapenerako zilegi zaigun eskubidea oztopatzeko Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzaren ekinbideak".

Sortuk nabarmendu du "inflexio puntua" dela ezker abertzalearen ibilbidean, eta printzipio horiek ez direla "errotorikoak": "Estrategikoa eta sustantziala dena indarkeriaren errefusatzea da".

"Legezkoak izateko eskubidea dugu, Alderdien Legea zein ostean Auzitegi Gorenak eginiko interpretazioak puntuz puntu betetzen ditugulako", esan du, eta gaineratu du ezin zaizkiela eskatu "legeak eskatzen ez dituen errefusatzeak, planteamendu moralak edota sentimendu zehatz batzuen adieraztea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea