Politika -
Martxoaren 30ean
EH Bilduk militanteak eta ekintzaileak batuko ditu 'MugiDA!' izeneko ekimenean
"Euskal Herri aske, demokratiko, justu eta solidario bat eraikitzen ari diren guztiak elkartzea" du helburu Bilbon egingo duten topaketa horrek.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EH Bilduren militanteak eta herri mugimenduetako ekintzaileak lehen aldiz bilduko dituen MugiDA! topaketa aurkeztu du koalizioak igande honetan. Jardunaldi hori martxoaren 30ean izango da, Bilbon, eta horren inguruko xehetasunak eskaini dituzte Mikel Otero eta Diana Urrea EH Bilduko ordezkariek, gaur Bilboko Zabalgune merkatuan izandako aurkezpenean.
Azaldu dutenez, "militanteak, lagunak, ameslariak, borrokalariak, aldarrikapenak, eztabaidak eta ospatzeko gogoa uztartzeko eguna izango da MugiDA!. Euskal Herri aske, demokratiko, bidezko eta solidario bat eraikitzen ari garen guztiok elkartzea nahi dugu".
Hori horrela, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, eztabaidak eta gastronomia izango dira bertan, eta Katalunia gonbidatu berezia izango da.
Diana Urrearen esanetan, "deia, mugimendua eta ekintza da aldi berean MugiDA!: gure herrialdearen indar eraikitzailea eta inteligentzia kolektiboa batzeko deia; nahi dugun Euskal Herri subiranoa eta berdinzalea lortzeko mugimendua; eta gizarte berriaren oinarriak sendotzeko ekintza, hain zuzen ere".