Politika -
PRESOAK
Oier Gomezen azken agurra debekatu izana salatu dute ehunka pertsonak Gasteizen
Testu bat irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz, Gomez "Euskal Herri aske baten alde borrokatu zen militantea" izan zela esanez, eta ez dela delitua "merezi duen bezala agurtzea".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Oier Gomez preso zendu berriaren azken agurra debekatu izana salatu dute ehunka pertsonak Gasteizen, udaletxe aurrean egin duten kontzentrazio batean. Atzo, Gasteizko Auzitegi batek debekatu egin zuen igande honetan preso ohiari egin behar zioten azken agurra. Urtarrilaren 26an hil zen Gomez Baionako ospitale batean minbiziagatik, 35 urterekin.
Kontzentrazioaren baitan, testu bat irakurri dute euskaraz eta gaztelaniaz, Gomez "Euskal Herri aske baten alde borrokatu zen militantea" izan zela esanez, eta ez dela delitua "merezi duen bezala agurtzea".
Gomezek "herri honengatik eman duen guztia" ahaztuko ez dutela esan dute, eta Frantziako zein Espainiako gobernuek "euskal preso politikoen kontra darabilten mendeku politika" gaitzetsi dute.
Elkarretaratzea txalo artean eta minutu batzuetako isilune baten ostean amaitu dute.
Udaltzainak eta ertzainak inguruak zaintzen aritu dira prentsaurrekoa garatzen zen bitartean.
Gomezen omenezko pintadak agertu dira Biktimen Memorialean
Bestalde, goizean "Amnistia" eta "Agur eta ohore gudari gaztea" zioten pintadak agertu dira Oier Gomezen omenez, Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroan.
Arabako Alderdi Popularrak "ETAren biktimentzat umiliazio berri bat" dela salatu du sare sozialetan.
Terrorismoaren Biktimen Memoriaren Zentroak "intoleranteei" eta "terrorearen nostalgikoei" leporatu dizkie pintadak. "Euskal gizartean ETA gabeko eta beldurrik ez dagoen etorkizuna sendotzeko lan egiten dutenak kikiltzen saiatzen dira", esan dute.