Politika -

Kaleratzeak

Ahal Dugu-Orain Bai auziari buruzko beste txosten bat eskatu du Nafarroako Ganberak

Mahaiak kanporatzeak onartzen ez baditu, auzitara jotzeko aukera aztertzen ari da Orain Bai.

Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidente izaten jarraituko du oraingoz. Argazkia: EFE
Ainhoa Aznarez, artxiboko irudi batean.
Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidente izaten jarraituko du oraingoz. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Podemos-Orain Bai auziak zabalik jarraituko du oraindik. Parlamentuko Mahaiak beste txosten juridiko bat eskatu du talde parlamentarioko hiru kide kanporatzeko gainerako lauek egindako eskaeraren harira.

Aurrez beste txosten juridiko bat egin zuten Ganberako abokatuek. Duela 10 egindako txostenean, Orain Bai taldeko lau kideek egindako kanporatze eskaeran "forma akatsak" atzeman zituen abokatu nagusiak. Horren ustez, ez zen nahikoa Orain Bairen aldetik parlamentari horiek kanporatzen dituela jakinaraztea. Horretarako, beharrezkoa zen gai hori jorratzeko talde parlamentarioaren bilera ofizial bat deitzea eta erabaki hori jasotzen duen bileraren akta egitea.

Dena dela, Mahaiak beste txosten juridiko bat eskatu du. UPN ez beste taldeek (Geroa Bai, EH Bildu eta Nafarroako Podemos) babestu dute eskaera. Legelariek aurreko txostenean ohartarazi zutenez, Parlamentuko Araudian lege hutsunea dago gai horretan. Egoera horren aurrean, Toki Araubidean jasotzen den transfugen aurkako legea aplikatzea iradokitzen du. Kasu horretan, Orain Baiko lau parlamentariak (Carlos Couso, Laura Perez, Fanny Carrillo eta Ruben Velasco) lirateke kanporatuak, eta ez Podemoseko hirurak (Mikel Buil, Tere Saez eta Ainhoa Aznarez).

Auzitara jotzeko aukera aztertzen ari da Orain Bai

Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, Orain Baiko kideek ez dituzte forma akatsak zuzendu, legelariek hala eskatu bazieten ere.

Carlos Couso Orain Baiko eledunak, ordea, ukatu egin du azken hori, eta gaineratu du auzitara jotzea aztertzen ari direla. "Akaso Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeko kideak epaitegietan deklaratzen ikusiko ditugu", ohartarazi du.

Cousok nabarmendu duenez, lauko Gobernuari kalte ez egitearren, prest daude Podemoseko hiru kideak taldean berriro onartzeko, baina Ainhoa Aznarezek Ganberako presidente izateari utzi beharko lioke berdin-berdin. "Horretan ez dugu amore eman. Konfiantza guztia galdu dugu", erantsi du Cousok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nafarroa Alderdi politikoak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa